Gorka Urtaran jaunari zuzendua
Markel Elortza | Plaza Berria izendatzeko sinadura bilketaren bultzatzailea
18/01/2020

Gorka Urtaran alkate agurgarria, urtarrilaren 15ean Radio Euskadin egin zenituen adierazpenek harrituta utzi ninduten. Plaza Berria izendatzeko debatea zentzugabea eta antzua dela esan zenuen. Hitz horiek mingarriak dira ekimena bultzatu eta sinatu dugun ehunka gasteiztarrontzat.

Arazoa ez da izena bakarrik, izen hori noiz eta zein modutan jarri zen baizik. 1936. urtean Errepublika plaza zenari altxatuek izena aldatu zioten. Gure hiria ikur frankistekin josi zuten eta galtzaileen umiliaziorako beste adibide bat izan zen Espainia plaza, frankismoa goraipatzeko izen berria horrela omenduz:

«(…) en homenaje a la España ultrajada, viva representación de las aspiraciones del verdadero Pueblo Español, que ajeno a toda otra idea, tan solo aspira al engrandecimiento y salvación de la patria».

Geroztik, milaka kaleri aldatu zaie izena bai Euskal Herrian eta baita estatuan ere. Ezin ahaztu Gasteiz etorbidea Avenida del Generalísimo zenik, edota Frantzia kalea Calvo Sotelo, besteak beste. Zoritxarrez, izen eta ikur dexente daude aldatzeke oraindik.

2012. urtean Gasteizko udalbatzak Reina Sofia eta Juan Carlos I hiribideak Gernika eta Durango gisa izendatzea onartu zuen, zure baiezko botoarekin. Garai hartan Maroto izan zen, Udaleko Gobernu Batzarrak azken hitza izanda, aukera hori baliatu zuena proposamenak aurrera egin ez zezan. Gaur egun zure taldearen esku legoke eskumen hori.

Zergatik garai hartan ondo zegoenak ez du gaur egun balio? Zergatik eman zenion debate antzu bati baiezkoa orduan?

Bukatzeko, ezin ahaztu aldarrikatzen dugun izena Justo Antonio Olagibel arkitektoak izendatu zuela, plazaren lehen izena izan zelarik. Izen hau ez da ez plazan ez ekimen ofizialetan inon ageri.

Sinatzaileontzat ez da tontakeria bat, frankistek ezarritako izena duintasunez aldatzea baizik. Adierazitako hitzei erreparatuko diezulakoan, adeitasunez, Gasteiztar Plaza Berria izendatzeko sinadura bilketaren bultzatzailea.

Articles
Eva Aranguren Arsuaga
27/02/2020
Jesús Valencia
27/02/2020
Fito Rodriguez
27/02/2020
Martintxo Mantxo
27/02/2020
Letters
Manu Ballesteros
26/02/2020
Ainara Maya Urroz
25/02/2020
Aitor Ugartondo
25/02/2020
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
25/02/2020
Latest posts
Fito Rodriguez
26/02/2020