Donibaneko ezker abertzalea

Hamaikagarrenez... alde hemendik, utzi bakean Donibane

11 urte pasa dira gure auzoak jasan izan dituen eraso latzenetakoa bizi zuenetik. 11 urte igaro ditugu gezurraren uretan murgildurik, egiaren bila igerian. 11 urte gure bizilagun eta kide Angel, polizia nazional batek eta bere semeak erail zutenetik.

11 pausu eman ditugu urte hauetan guztietan, duintasunez josiriko 11 pauso; gertatutakoa ez ahazteko, aitortua izateko eta berriro ez errepikatzeko, gure herriaren eta auzoaren aurka burutu nahi dituzten eraso guztiak eteteko.

Eta ibilbide luze horretan beste 11 arrazoi topatu ditugu lanean jarraitu eta inoiz baino gogo handiagoz borrokatzeko. Oraindik ez da gertakari haien erantzule politikorik zehaztu, ez dira gure auzoko kaleetan bizi izan genituen erasoak onartu, ez digute ere gure bizilaguna merezi duen moduan omentzen uzten. Horiek dira hainbeste aldarrikatzen dituzten eta eskaintzen dizkiguten demokrazia eta askatasuna.

2004ko martxoaren 11ko ekintzak, ETA erakunde iraultzaile armatuari leporatu zizkion, nor, eta gaur egun Espainiar gobernuan dagoen alderdiak. Behin leporatze hori publiko eginda, Euskal Herrian sekulako krispazio klima hedatu zen. Ondorioz, martxoaren 13an Donibaneko Martin Azpilkueta kalean egondako tiro hotsek, oihartzuna izan zuten gu guztion buru-bihotzetan. Angel, gure okina, estatuak martxan jarritako intoxikazio horren ondorioz erail zuten. Bai, Polizia Nazional batek erail zuen, PPren agindupean zegoelarik.

Espainiar Poliziaren eta Guardia zibilaren inguruan, zoritxarrez nahi baino gehiago hitz egin dezakegu, urteetan zehar zapaldu, atxilotu, torturatu, erail gaituzte inpunitate osoz. Espainiar indar armatu hauek, gure kaleetan daude, gure etxeetara sartzen jarraitzen dute, eta guk ez ditugu nahi, ez ditugu behar; etorri ziren lekutik badute bidea egiteko, alde egin dezatela hemendik! Utz gaitzatela bakean!

Donibaneko ezker abertzaleak dei egiten die herritar orori antolatzera, borrokatzera indar errepresibo hauek gure Euskal Herri honetatik botatzeko. Asko daukagu egiteko norabide honetan baina bakoitzak bere aletxoa jarri beharko du eta horrela lortuko dugu itzal berde eta urdin hauek desagertzea, ez bakarrik Donibanen, Aturritik Ebroraino dagoen tarte horretan ere.

Bukatzeko ezin dugu ezkutatu martxoaren 13a hurbiltzen doan heinean auzokide guztioi barrenetik mugitzen zaizkigun sentimenduak, tristura, amorrua, ezinegona, gure okina, laguna, kidea erail zutelako; eta bestetik familia eta lagunei helarazi nahi diegun elkartasuna, muxuak, besarkadak, eta nola ez borrokarako grina eta determinazioa. Azkeneko bi hauek dira gailendu beharrekoak, beste sentimenduekin batera noski. Borrokarako grina eta determinazioa, hitz potoloak, praktikara eraman beharrekoak. Soilik horrela lortuko dugulako mertzenario hauek gure Euskal Herri honetatik botatzea.

Eta orain bai, bagoaz, baina ez oso urrutira, gaur martxoaren 13a dugu eta 19.00etan Martin Azpilkueta kalean elkar ikusiko dugulakoan. Lehen aipatu moduan 11 dira sentimenduak, goazen hauek kanalizatzera, soilik horrela lortuko dugulako. Muxu bat Berrueta Mañas familiarentzat, zuekin gaude eta egongo gara. 11. aldiz, ozen oihukatuko dugu eta espainiar tiro hotsek ez gaituzte beldurtzen eta ez gaituzte sekulan geldituko, Alde hemendik utzi bakean Donibane!

Search