Ana Soro, Fermin Echarte eta Patxi Estrada, Kattalin Haurreskolako guraso talde baten izenean

Haurreskolak, gure altxorra

Donostiako Kattalin haurreskolako guraso talde bat gara eta gure kezka azaldu nahi dugu iragarrita dauden eta azken urteetan errepikatu diren grebak direla eta.

Lehenik eta behin, kalitatezko hezkuntza publikoarekin dugun konpromisoa adierazi nahi dugu. Liskar politikoetatik haratago, Haurreskolak balioan jarri eta gure egunerokoan eta gure seme-alaben garapenean duen garrantzia azpimarratu nahiko genuke.

Argi esango dugu: «haurreskola gure altxorra da».

Guraso bezala jabetzen gara, eta gizarte gisa hala izan beharko luke ere, hezkuntzaren etapa honek garrantzi handia duela haurraren garapen osoan, hala nola garapen psikomotorrean, afektibo-sozialean eta intelektualean eta lehen urte hauetako bizipen oro erabat baldintza dezakeela euren etorkizuna. Horregatik, ezinbestekoa ikusten dugu espazio hauek babestea eta kalitatea bermatzen jarraitzea.

Gure seme-alaben bigarren etxea ez ezik, euren babesleku da, euren garapenerako leku, lehen ikasketa eta bizipenen eszenatoki. Gure seme-alabek bertan egingo dituzte lehen pausoak, lehen hitzak.

Bide horretan, haurreskoletako hezitzaile bakoitzak duen ezinbesteko papera ere azpimarratu nahi dugu, altxorraren zati garrantzitsuena beraiek baitira. Gure seme-alaben bizitzako ezinbesteko erreferente bihurtzen dira, aipatutako garapen eta aurrerapausoetan bidelagun dira. Guraso bezala, gure umeak euren eskuetan uzten ditugu eta pozik eta lasai gainera: euren profesionaltasuna benetan goraipatzekoa da, baita egunero ematen duten zerbitzua hobetzeko hartzen duten konpromisoa eta inplikazioa, gurasoekin harremana izateko egiten duten esfortzua.
Baina guztiaren gainetik, zalantzarik gabe, euren lanaren gainetik dagoen zerbait eskaintzen diete gure umeei: euren maitasuna, laguntza eta babesa.

Aurretik aipatutako guztiagatik, Haurreskoletako Partzuergoari, Eusko Jaurlaritzari edo dagokionari eskatu nahi diogu, haurreskoletako langileekin negoziaketarako eta elkarrizketarako prestutasuna erakutsi dezatela, baita bi taldentzat zuzen den adostasunera iristea, negoziazio horren azken helburua haurrek jasoko duten kalitatezko arreta bermatzea dela ahaztu gabe.

Testuarekin ados bazaude, taula betetzea eskertu genizuke.

Search