Ainara Manso

Haurreskolen eskaintza publikoaren mugak: Lasarte-Oriako adibide kezkagarria

Lasarte-Orian, haurreskola publikoaren plaza faltak kezka handia sortu du 2025-2026 ikasturterako. Hasiera batean, 0-1 urteko haurrentzako 24 plaza eskaintzen ziren, baina 8 plaza gutxiagorekin geratu da azkenean, talde oso bat ezabatu delako 1-2 urte bitarteko haurren eskaera handia asetzeko. Hala ere, 1-2 urte bitarteko 9 haur geratu dira plazarik gabe. Bestalde, 0-1 urteko haurrentzako 16 plaza baino ez dira geratu udalerri osoan. Eta horietatik, 14 dagoeneko esleituta daude irailean hasteko, beraz 2 plaza bakarrik geratzen dira udazkenean edo geroago sartuko diren haurrentzat.

Egoera are larriagoa da kontuan hartzen badugu izen-ematea apirilean amaitu zela, eta ordutik hona jaio diren haur askok ez dutela inolako aukerarik.

Zer aukera geratzen zaizkigu familiei? Haurtzaindegi pribatuak ordaintzea, askotan ekonomikoki jasanezina. Beste udalerri batzuetara joatea, denbora eta baliabide gehiago eskatzen duena. Edo lanean baimen gehiago eskatu behar izatea, lanari uko eginez, askotan enpresen aldetik ulermen handirik gabe.

Lasarte-Oriak 19.000 biztanletik gora ditu, eta eskaintza publiko hau ez da nahikoa egungo eskariari aurre egiteko, ezta gutxieneko parekotasun eta irisgarritasuna bermatzeko ere. Egoera hau urtez urte errepikatzen bada, sistemaren hutsegitea larriagoa izango da.

Eta orduan, galdera da: noiz arte utziko ditugu familiak haurreskolan plazarik gabe? Noiz hartuko da benetako erantzukizuna haur txikien zaintza bermatzeko?


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Search