Juan Luis Mugertza Unanue

Heldu

Eskerrak Andaluziako Hauteskundeak azken txanpan izan ziren, bestela, nor mintzatuko zen gure Euskaraldiaz. Egun hauetan komunikabide handi guztiek ahoa zabaldu dute, baina bestelako txapa izan dute mintzagai emaitzak ikusita. Jende asko etxean gelditu da, eta botoa eman duenak eskumatara egin du, nabarmen, gainera. Ez dakit bitxikeria modua Malagako Sedella herriskarenak (634 bizilagun ditu) balio izango duen, baina niri, behintzat, zer pentsatua eman dit politika hobeto ulertzeko. Dirudienez, Sedella beti izan da oso gorria. 2015eko Udal Hauteskundeetan, esaterako, 429 pertsonak botoa emateko aukera izan zuten, eta 297k Ezker Batuari eman zioten, gehiengoa lortuz. Ordukoetan, PPk bi boto lortu zituen. Oraingoetan, aldiz, PP, C's eta Vox (Abascalek %12) alderdiek ezkerrak beste boto lortu dituzte. Eta orain galdera: zerk mugiarazten du jendearen botoa mutur batetik bestera egiteko? Ni ez naiz politologoa, ezta gutxiago ere, baina, ene ustez, gauza askoren artean (frankori «vox axola» politikak), ideologia falta handia dugu. Izan ere, formazio handiko jendeak ez du gorritik urdinera egiten, ez han, ez gurean (zaborra zela eta). Erdipurdiko gizarte nahi dute, eta baliabide guztiak dituzte horretarako. Horregatik, ideologiari heldu behar diogu, eta leku askotara heldu gure mezua zabaltzeko, berandu baino lehenago.

Search