Joxemi Campillo | Kooperatibista ohia

«Humanity» Aralucen?

Azken egunotan, irudi negargarriak ikusi ditugu Igorre aldean. Mondragon taldeko kooperatiba bat, Batz, poliziaren eta eskirolen laguntzarekin Araluce enpresan sartu da materiala lapurtzera. 141 familiaren etorkizuna jokoan dago, eta kooperatibaren erantzuna polizia bidaltzea izan da. Berriro ere, agerian geratu da langile ez-bazkideen eskubide gabezia euskal kooperatibetan.

Eredugarriak omen diren Mondragon taldeko kooperatibek behin eta berriro erakutsi digute beraien interes bakarra ekonomikoa dela. Kapitalismoaren aurpegi atsegina erakusten digute, eta aldi berean, lan sindikalaren faltagatik langileak eskubiderik gabeko zenbaki hutsak bihurtu dira. Kuriosoa da, etika eta morala askotan aipatu arren, halakorik ez daukatela erakusten dute egunerokoan. Mondragon taldeko laugarren printzipio kooperatiboan, adibidez, kapitalaren izaera instrumentala aldarrikatzen dute. Bitartean, kooperatibista gehienen pentsioak kudeatzen dituen Lagun Aro guztien aurrezkiekin espekulatzen ibiltzen da. Hipokrisia ederra!

Mondragon taldeko kooperatibak, elkarte anonimoak bilakatzeko bidean, beraien benetako aurpegia erakusten dabiltza azken urteotan. Adibide asko dauzkagu. Estatu espainoleko pertsonaia ilun eta ustelenetarikoa Arrasate bisitatzera gonbidatzea punturik gorenetarikoa izan da ibilbide horretan. Euskal Herriak ez ditu halako kooperatibak merezi eta nahi.

Search