Arantxa Txintxurreta Agirre, igeldoarra

Igeldoko GR121: ikusgarria, orain ere

Imanol Intziartek martxoaren 4ean artikulu bat idatzi zuen egunkari honetan bertan, eta horrela zuen izenburua: ‘Ruta Donostia-Orio: la costa más cerca de las personas’.

Igeldokoa naiz ni, eta gonbidatzen zaituztet GR121tik bueltaxka bat ematera. Lasai, ez duzue aizkoraren beharrik; egia da, ibilbideak ez du metro bateko zabalera toki guztietan, eta grabilla beharrean Igeldoko harearria zapalduko duzue, baina Donostiako etxeak eraikitzeko balio baldin bazuen, zapaltzeko ere balioko du, ezta? Lokatza ere aurki dezakezue, mendi-bide bat delako: ibilbide luzeko mendi-ibilbidea, hau da, GR bat (Gran Recorrido), Gipuzkoari bira ematen diona. Eta inon aizkoraren beharrik sumatzen baduzue, udalari galdetu bide horren mantenua zergatik ez duen inoiz egiten.

Eta bereziki Axier Jaka gonbidatzen dut Igeldoko GRa egitera, Donostiako Ingurumen zinegotzia, Imanol Intziartek idatzitakoaren arabera zera esan zuen-eta: «La naturaleza es uno de nuestros grandes patrimonios y este tipo de proyectos permiten que la ciudadanía se acerque a los mismos. Además, esa cercanía y ese conocimiento hace que protejamos y aprendamos a cuidar nuestro entorno. Quienes hagan uso de esas sendas tienen que tener una actitud extremadamente respetuosa con todas las especies que habitan en ese entorno y sus habitat».

Hurbildu zaitez zu orain, Igeldoko GR zatira: ezagutzen baduzu, agian, maitatu egingo baituzu, den bezalakoxea. Ez du balio autopista bat eraikitzea espezie baten etxearen erdian eta ondoren oharra jartzea ‘kontuz, ez igelik zapaldu’.

Eta Ricardo Burutaran ere gonbidatzen dut Igeldoko GR zati zoragarria egitera. Hirigintzako zinegotziaren ahotan jarri ditu hitzok, kazetariak: «se trata de un proyecto muy atractivo para Donostia, porque refuerza el enlace costero con Orio. Desde el inicio de la legislatura hemos estado trabajando en este proyecto porque coincide con nuestro modelo de desarrollo. Además, se trata de un paso importante para Donostia, ya que posibilita la entrada de inversión muy importante a la ciudad».

Zein garapen eredu da hori, indartuta dauden guneak (3 bide ikusgarri Oriora iristeko autoz, oinez, bizikletaz edo zaldiz) gehiago indartzen milioi euroak xahutzeak tripako minik ematen ez diona? Baina berdin dio zer egiten den, Donostian dirua uztea da kontua (kasu honetan, Igeldon). Eta oraindik aizkoraren beldur bazarete, gonbidatzen zaituztet Santiago Bidea egitera: itsasotik hurbil, hegoaldeko zuhaitz-igelaren putzuen ondotik igaroko zarete, kantauriar txilardegia zeharkatuko duzue, landare haragijaleak ikusiko dituzue… Zoragarria da baita ere ibilbide hau, eta, gainera, ez GRa bezain maldatsua eta luzea, eta ibiltzeko errazagoa eta erosoagoa, lauagoa eta zabalagoa delako eta zapalduago dagoelako. Hori bai, itsasotik GRa baino metro batzuk urrutiago dago… horregatik ez du grabillarik merezi.

Search