Patxi Aznar Bellido

Inkesta

Arestian Gipuzkoako zenbait hedabidetan argitaratutako inkestaren arabera, biztanleriaren %69,7a bosgarren edukiontziaren alde dago. Kontua da orain dela urte batzuk bi sistemen arteko lehiak (atez atekoa eta edukiontzikoa) bere zentzua eduki bazuen, oraingo egoera ezberdina izateagatik, nire ustez ez dauka zentzurik. Gaur egun zabor bilketa sistema bat edo bestea erabiltzea ez da hain garrantzitsua, bai ordea, aurretik finkatutako helburua betetzea, adibidez, Europako araudiak dioen bezala 2016rako bereizte tasa %60koa izatea. Hori lortzeko erabilitako sistema bitarteko bihurtzen da, eta inondik inora ez helburua.

Horrez gain, zabor bilketaren sistema berriekin dena aldatuta dago, baldintza batzuekin ezarrita, posible baita edukiontzi-sistema erabiliz bereizte tasa onak lortzea, (%70-%80 adibidez Tolosakoa, Elgetakoa, Zegamakoa, Arrasatekoa, etab.); aipatutako baldintza horiek jarri gabe, betiko bosgarren edukiontziarekin, erdipurdiko bereizte tasak lortzen dira (%30-%48artekoak) esate baterako, Urnietakoa edo Elgoibargoa.

Geroago inkestak dioenez, biztanleriaren gehiengoarentzat (53,8%) birziklagarria ez den hondakinentzat irtenbiderik onena erretzea da. Errauskailuak hondakinik ekoiztuko ez balu bezala, errauskailuak erretzen duen materiaren laurden bat zepa bihurtzen da, eta nonbait sartu behar da. Horrez gain, alemaniarrek bost urtetan zero zaborrera iristea pentsatuta dute. Bukatzeko inkestak dio Gipuzkoan hamar pertsonatik sei baino gehiago errauskailua egitearen alde daudela, nik pertsona horiei halako galdera egingo nieke «zabor bilketan modu eraginkor bat erabili gabe, ondo iruditzen al zaizue 500 milioi euro balio duen errauskailua egitea?» Hori ez al da zergadunen dirua xahutzea?

Search