Juan Luis Mugertza Unanue

Inoizko ikasturterik onena

Egun hauetan zuekin askotan gogoratu naiz, eta apurtxo bat bekaizkeriak jota nago. Izan ere, batzuok ikasketa sasoia oso gaizki pasatu genuen. Hain txarto igaro genuen, ezen, egun, ametsetan nagoela, sarri askotan ordukoa etortzen zaizkidan bisitan. Zuek aurten, ordea, sekulako pagotxa izan duzue salbuespen batzuk horiena alde batera utzita. Gainera ezer gutxi falta duzue konfinamendu sasoia (logelan giltzapetuta, kaskoak belarrietan, potrojorran) amaitzeko, eta berriro oporrak hartzeko. Zer ondo! Bai, badakit oraindik hirugarren ebaluazioa bukatzeko, zer edo zer, falta duzuela, eta ikasitakoa errepasatzeko eta indartzeko erabiliko duzuela, eta aurten ikasi gabe utzitakoa datorren ikasturtean egingo duzuela, eta uda partean esfortzuak, errefortzuak esan nahi nuke, izan ditzakezuela, eta zuen modukoak ebaluatzeko irakasleek izango dutela azken hitza, haiek ezagutzen baitzaituztete ondoen. Baina zuek badakizue nik bezain ondo irakasleetan ez dagoela potrorik izango duenik zuen bandakoak suspenditzeko. Horiek ipuinak dira, politikaria batzuk asmatutakoak, zer edo zer egiten dutelakoan gurasoei sinestarazteko. Baina, zuek lasai! Garrantzitsuena da zuek hurrengo ikastaldian koska bat gorago egongo zaretela, ezer gutxi eginda, eta beste lan hori egin gabe gelditzen bada, hor konpon marianton! Horrelako aukera gutxi izaten dira bizitzan, eta aprobetxatu egin behar. Gainera, zuen curriculum vitae-n inork ez du jakingo urte erdi-sabatikoa hartu zenutenik.

Search