Xanti Begiristain Madotz I Auritz

Irteera

Apirilaren 30ean, ostegunarekin, izan nintzen azkeneko aldiz, Iruñeko Iturrama auzoko Civivox izeneko gizarte-etxean, Desentxufatuak izenburua zuen umorezko antzerkia ikusten. Saioa barregarri eta entretenigarria gertatu zen, eta aretoa bete ez bazen ere, jende mordoxka izan ginen momentu atsegin batzuk pasatzen.

Baina, gaurko idatzi honetan beste gai bat tratatu nahi dut, alegia, Civivox delako gizarte-etxe horrena hain zuzen ere. Irakurleak jakin dezan, esan beharra dago, eraikin hura 2007an edo lehentxeago eraiki eta zabaldu zela. Nola dakidan neronek hau? Bada, garai hartan neroni Iruñeko Udaleko zinegotzia nintzelako eta egun batean egokitu zitzaidalako eraikin hartara joatea, Alkate andre eta zinegotzi gehiagorekin, obra nola gelditu zen ikustera, mustu eta herritarrentzat ireki baino lehen.

Gure artean, besteak beste, Ignacio Perez Cabañas ere bazen, garai hartan Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzi delegatua zena CDN alderdiarekin, eta UPN alderdiarekin gobernatzeko ituna zuena. Eraikina bisitatzen eta ikuskatzen aritu ginen bitartean, neroni ohartu nintzen idazkun asko espainiera hutsez zeudela idatziak eta jarriak, konparaziora, Irteera delako hitza eta, segur aski, beste batzuk. Bueno bada, handik gutxira, normala den bezala, udaletxean bilera batzuk izan genituen, eta haietakoren batean aprobetxatu nuen, Kultura zinegotzi jaunari jakinarazteko, Civivox izeneko gizarte-etxean ikusitako hizkuntza akatsak, zuzendu zitzaten, jakina baita Iruñeko Udalak Euskararen Ordenantza daukala, eta horren arabera behartua dagoela idazkun guztiak bi hizkuntzatan jartzera. Ignacio Perez Cabañas jaunak, ziur asko, ongi gelditzeagatik, denen aurrean erantzun zidan oharra hartu zuela eta lasai egon nendin, handik gutxira akats guztiak zuzenduta egonen zirela, baina, hara non, apirilaren 30ean antzerkia ikustera joan, eta antzerki-lanarekin batera, makina bat aldiz eta makina bat lekutan ikusi bainuen berriz ere, Irteera delako idazkuna espainiera hutsean, orain dela 8-9 urte bezala-bezalaxe, hau da, batere ukitu, aldatu eta zuzendu gabe, antzokian, pasabideetan, komunetan, liburutegian, eta abar.

Beraz, hor ikusten da, bada, Kultura zinegotzi delegatuari eta bere gobernukoei zer axola zitzaizkien euskal kultura, euskal hizkuntza eta Euskararen Ordenantza. Beraiengatik baldin bada, idazkun haiek hantxe geldituko dira sekulako. Argi dago, inoiz zuzendu eta aldatzekotan beste pertsona batzuek gin beharko dutela, hots, beste gobernuren batek egin beharko du.

Bitartean, lanean jarraitu beharko dugu, beste indar politiko batzuek goberna gaitzaten eta euskararen hizkuntza eskubide guzti-guztiak errespetatuak izan daitezen, gutxienez, erdal hizkuntzenak bezala-bezalaxe.

Search