Tomas Elortza Ugarte

Iruña-Veleiaren 4. Biltzarra: argitu, ez suntsitu

«18 urte pasatu dira indusketan 400 bat grafito agertu zirenetik, 16 urte froga zientifikorik gabe Lurmen indusketa eremutik kaleratu zutenetik eta 4 urte gaia argitu barik epaiketa egin zenetik eta berdintsu jarraitzen dugula esan genezake: gaia argitu nahi genuenok ikertzen jarraitzen dugu eta datazioak ukatu zituztenek Iruña-Veleia hondeamakinarekin suntsitzen jarraitzen dute, etengabe». Honela hasten da urriaren 26an Durangon burutuko den 4. Biltzarraren aurkezpena.

Argitu eta ez suntsitzearen eredu garbitzat daukat nik Irulegiko Eskuaren kasua: azterketa fisiko eta kimikoak, C14, datazio frogak, unibertsitearen eta erakundeen babes osoa... Iruña-Veleiako grafitoekin gertatu eta gertatzen ez dena.

Iruña-Veleiako auzia argitu ez izanaren arrazoiak ederki azaldu zituen hitz gutxitan E. G. kazetariak 2020ko urtarrilaren 20ko "Berria"-n, aurreko 14 urteetan gertatutakoaren jakitun: «Tamalgarria da arkeologo, hizkuntzalari eta historialariak elkarlanean jarri eta auzia argitzeko gai ez izatea; deitoratzekoa, jakintzaren arloan diharduten erakundeek −Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde, unibertsitateak...− horretan ez lagundu izana». Gaur egunerako ere balio duten hitzak.

«Balizko» benetakotasunaren alde dihardutenek −«balizko» hitza azpimarratu nahi dut, oraindik ez delako frogatu zientifikoki ez grafitoen benetakotasuna ez faltsutasuna− 4. Biltzarra antolatu dute urriaren 26rako Durangon, non 9 hizlarik beren ikuspegia azalduko duten arlo ezberdinak jorratuz. Horien artean, Eliseo Gil Zubillaga, "Zigortutako arkeologo baten gogoetak" hitzaldiarekin. «Baina egin nezakeen 'Arkeologo madarikatu baten gogoetak' izenburupean ere, tragikomedia honetan egokitu zaidan patua baita horixe», zioen aurkezpenean.

Informazioa jaso, izena eman edota bere iritzia agertu nahi duenarentzat: irunaveleiamartxan@gmail.com.

Search