Josean, zergatik galdu baliabideak?
Azken bolada honetan Gipuzkoako komunikabide batean Josean Galerarekin (Eusko Jaurlaritzarako Ingurumen sailburuordea) egindako elkarrizketari buruzko gogoeta batzuk egin nahi ditut.
Aipatutako elkarrizketan Joseanek Eusko jaurlaritzak arestian onartutako hondakinen planaz hitz egiten duen arren, nik plan horretako alderdi batzuk Gipuzkoako errealitatearekin alderatu nahi ditut.
Kontua da, irakurritako elkarrizketan jendeak gehiago birziklatzeko kontzientziazio-kanpaina aipatzeaz gain, ia ez duela neurririk zehazten. Momentu zehatz batean, urtean pertsonako 50 hamar kilo hondakin gutxiago produzitu beharko dela esaten duen arren, nire ustez, Gipuzkoarako ez da nahikoa. Irakurleok esandakoaz jabetzeko hurrengo adibidea jarriko dut: Eusko Jaurlaritzako planaren arabera bost urtetan bereizte tasa %75 igo behar da, hori gertatuko balitz bereizte tasa orokorra bost urtetan EAEan %17 igoko litzateke, hau da, %38tik %55era. Gipuzkoan, berriz, zenbait herritan edukiontziak erabiliz , hilabete eskasetan Eusko Jaurlaritzaren planak bost urtetan lortu nahi duena bider bi lortu da; besteak beste, Tolosan bereizte tasa pasa da %32tik %70ra, Arrasaten %33 %77ra, eta Elgeta %40tik %80ra igo da.
Sistema asmatuta dago, ez da berria, zertarako hainbeste buelta? Emaitza horiek lortzeko txipen bidez mugatu dute errefus eta materia organikoen kontainerren irekiera. Adibide erraz hauek ikusita borondatea nahikoa da gai honetan Europa Batasunetik datozkigun araudiak betetzeko, ez betetze horrek ondorio kaskarrak ekar liezazkiguke, horrez gain, denek behar ditugun errekurtsoak eta baliabide alferrik galtzea zeharo penagarria iruditzen zait.
Beraz, aipatutako elkarrizketan Joseanek dionean Europako araudiak, epe finkoa dutenak, noizbait bete behar direla esatea ez dago onartzerik.
Bukatzeko gaur egun atez ateko sistema erabiltzen ez duten herri askoren emaitza ezagututa ez dago aitzakiarik birziklatze-tasa erdipurdikoa izateko, hau da %30etik %55era doana, eta hori gertatzen bada interes ilun batzuengatik izango da.