Juan Migel Etxarri Mitxaus
Abenduaren 28an, igandearekin, Hegoaldeko Lekunberriko parrokian, ekitaldi handi eta garrantzitsu bat gertatu zen, batez ere, hango eta inguruko musikazaleentzat. Hain ezaguna eta maitatua den Juan Migel Etxarri Mitxaus musikari handiak, azkeneko aldiz zuzendu baitzuen Lekunberriko Abesbatza eta txistulariak.
Handik hona denbora pixka bat igaro bada ere, ez nuke gertaera hura, eta batez ere aipatu dudan pertsona hori, besterik gabe pasatzen utzi nahi.
Jakina den bezala, hemendik aurrera Javier Martijak hartu du abesbatza zuzentzeko ardura; zorterik hoberena opa diot. Eta Juan Migelen pertsonara itzulita, nik esanen nuke beti nabarmendu dela, izateagatik txistulari txukun eta prestua, abesbatza zuzendari aparta eta tenor ikaragarri handia, ia-ia paregabea inguru hauetan. Hoberenetako bat, inolako zalantzarik gabe. Kantatzen eta zuzentzen jarri dituen grina eta gogoa egundokoak izan dira, oso aspalditik. Barruan zeuzkan indar eta jakinduria guztiak kontzertu guztietan ematen zituen, transmititu ahal zen guztia transmititzen zuen. Gorago aipatu dudan azken kontzertu hura ere, halakoxea izan zen, bete-betea, gozatzeko modukoa benetan, distiratsua, eta Juan Migel nik ikusi nuen inoiz baino gogotsuagoa, gozamen betean.
Lekunberrin eta Larraunen nekez ordaindu eta eskertu ahalko diogu merezi eta behar duen guztia. Egin zitzaion omenaldia ongi irabazia zeukan. Merezimendu handiak zituen halakoren bat jasotzeko, Jesus Jaimerenaren laguntza eskerga inolako momentuan ahaztu gabe, jakina. Nahi duen orok, aukera polita dauka Interneten momentu hunkigarri haiek berriz bizi izateko.
Nik aitortu behar dut, neronentzat ohore eta gozamen itzelak izan direla, bere zuzendaritzapean txistua jo ahal izatea, batez ere azken urteotan, eta beste horrenbeste, ikusi eta entzutea. Azken kontzertuan, nik ia-ia denbora osoa eman nuen hunkituta, eta zeresanik ez bukaeran.
Eta hau guztia kontatu eta eskertu ondoren, gauza bakar bat nahi nuke, eta seguru naiz horrela izanen dela, alegia, Juan Migelekin txistua jotzen luzaro jarraitu ahal izatea, eta batik bat, Lekunberriko Abesbatzan eta nonahi segi dezala abesten, berarekin batera, gainerako guztiok ere gozatu ahal dezagun bere ahots pribilegiatuarekin, bere kantatzeko era sutsu, grinatsu eta gartsuarekin, eta nola ez, bere izate natural eta apal harrigarri horrekin. Sarri arte, Juan Migel Etxarri Mitxaus, eta hartu besarkada sendo eta bero bat.