Arantza Zabala Jauregialtzo | Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea Nafarroa

Koldo Asironi esker onez!

Osasun arloko profesionalok ongi dakigu zein garrantzitsua den komunikazioa gure laneko jardueretan, bai osasunaren sustapenerako, bai gaixotasunak sendatzeko eta prebenitzeko. Hizkuntza berak, hitzegiteko estiloak edo erabilera berak ere eragin zuzena duela ezin uka.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan dauden lizentziaturetako bat erizaintza da, orain dela urte gutxi batzuk arte espainieraz bakarrik ematen zena. Unibertsitateak herritarren beharrei erantzunez, erizaintzako ikasketetan irakasgai batzuk euskaraz egiteko aukera eman zuen. Horren helburua bikoitza da, alde batetik, ikasleen ezagutza zientifikoa lortzea, bestetik, goi mailako euskara teknikoa lantzea.

Koldo Asironek biziki bultzatu zuen euskarazko lerroa UPNAko erizaintzan, neurri handi batean berari esker eman baitziren lehen urratsak. Gaur egun Biokimika eta Osasun Publikoa eskaintzen dira euskaraz. Matrikulatutakoen kopuruaren joera goranzkoa izan da, azken urteotan ikasleen %40 inguruk aukeratu dute irakasgai horiek euskaraz egitea.

Irekitako bidea jorratuz, unibertsitatean euskarazko eskaintza zabaltzea izan behar dugu helburu, sabairik jarri gabe, oraingo eta geroko osasun-gradu guztietan. Irekitako bideagatik, mila esker, Koldo.

 

Search