Laguntzaren beharra bizitzaren bukaeran
Gure ama, (98 urte), 2020eko uztailaren 3an gure inguruko zahar egoitza batean sartu zen (4.173,54 euro hilean). Momentu horretan covid 19 egoera hobetzen ari zela ematen zuen.
Sartzerakoan protokoloko isolamendua eta ondoren Ordiziako brotea, zirela eta, hilabete batean bisitarik ezin egin.
Lehenengo bisita: uztailaren 29an, asteazkena. Amaren itxura: begiak indartsuki itxita, maskararen azpian hortzik gabe, mingaina babaz beteta, makar horiak eta biribil gris handiak begi inguruan, argizari zikina belarri batean, ile asko kokotsean, azkazal gaizki moztuak eta puskatuak zikinkeriaz beteta, ile garbia baina orraztu gabe, ilez betetako alkandora zikina, prakak zikingune handiekin. Oso-oso argala. Bere gurpildun aulkian eserita, kojinik gabe. Minduta ematen zuen. Geldiezin, urduri. Gorputza konkorturik. Ur pixka bat edaterakoan txistu lodi antzeko zerbait botatzen zuen ahotik.
Zer ari da gertatzen hemen?
Hurrengo bisitak: uztailaren 31a, ostirala (erorketa zela eta); eta abuztuaren 1a, larunbata.
Ama ez genuen gehiago ikusi bizirik; abuztuaren 3an, astelehena, hil zen, 21:00ak aldera. Igo ginen lehenengo aldiz bere logela utzia, zikina eta lotsagarrira (321), eta denbora pixka bat pasa genuen gorputzarekin.
Zenbat galdera, zenbat kezka…!
Ama, gizarteko pertsona ahulena! Baina zeinen esku utzi dugu?
Senideen eta lagunen doluminak. Zahar egoitza horretako beste esperientzia txar batzuk ezagutu genituen.
Instituzioekin ibilbide luzea hasi ginen, erreklamazioak egiten: zahar egoitza bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako departamentuan, Kontsumoko Euskal Institutuan (Kontsumobide), Arartekon, udaletxean…
Kasua itxita: itxuraz ia dena zuzena izan da, protokoloen arabera…
Ondorioa: ez dago instituzio publikoen aldetik erantzukizuna bere gain hartzeko asmorik, ezta beste inoren aldetik ere, ez da benetako kontzientziarik hartzen… Baina «egia» ezagutu behar da. Ez hil direnengatik, beraiek jadanik ez daude, baizik eta gaurko eta geroko pertsonengatik.
Ze beharra dugun kontzientzia hartzeko, benetako barne hausnarketa egiteko beharra, (banakako hausnarketa: norberak bere buruarekin, norberak bestearekin, norberak taldearekin), maila guztietan (pertsona, familia, medikuak, abokatuak, geriatrikoak, instituzioak, komunikabideak… eta zu ere, irakurle).
Zer ari gara egiten?
Baina ez txostenak betetzeko, baizik eta «egia» ezagutzeko, beti. Ez da gauza, pentsatzea, arrazonatzea behin eta berriro, frogatzea… Izatea da gauza. «Egia» ezagutzen badugu, eta benetan nahi badugu hobetu edota aldatu, orduan has gaitezke.
Bidea erraza da, baina «zaila» gertatzen zaigu.