Josu Iraeta | Idazlea

Leihotik begira

Heldu da garaia, egun gutxi barru, duela mende erdi bat hasitakoari amaiera emango zaio, eta poliki-poliki bada ere, handik eta hemendik, bakea eta demokraziaren «apostolu» berriek –auskalo nondik datozen– erakusten dizkigute bide berriaren onurak eta pozak.

Zorionez, Euskal Herrian nondik ikasi ugari beti izan ditugu eta oraingo irakasle berri hauekin zer esanik ez, ausart bezain jantziak izanik.

Dena dela, egoera berriari «egokitzeko» eskaintzen dizkiguten urratsak eman aurretik, –hontzaren modura– nik, atzera begiratzea gomendatzen dut, ez baitago dena hain argi eta garden.

Egia da, azken mende erdian denak –nahi ala ez– ETAren biolentziaren inguruan ibiliak garela, eta askok hor zuten bere altxorra. Orain, zuzen esanda, zer nahi du konpondu Madrilgo gobernuak, euskal arazoa edo ETAren amaiera? ETAren amaiera zalantzarik gabe. Helburu horrekin, Madrilgo aurrekontuei batuz, dirua pilaka –horrelako laguntzak ordaindu egiten dira– ozenki eskainiz gero, lortzen dute norbaitzuen aldarrikapenak ganbaran lo egotea. Egia da, arrazoi osoa duzue, ez da berria, bide honek ere hamarkada asko baititu.

Demokrazia xelebre onetan, errazago eta arinago erabakitzen baita, bazter guztiak poliziaz hornitzea, mendi-auzoetan irakasle euskaldunik izendatzea baino. Badakizue, krisi ekonomikorik, jada ez dago, langabezia ez da sumatzen, ez dago elebitasun arazorik. Zer gehiago nahi duzue ba?

Engainatu nahi gintuzten eta engainatu egin gaituzte. Ez dute metodoa aldatu, bere betiko jarrera: otsoak beeka eta bildotxak uluka jarri dituzte.

Alderdi politiko gehienak, bakearen apostolu bilakatu izanak, benetan da susmagarria. Horiei beldur nahiz, ETA desagertzea iritsi dela eta, nori axola orain euskal arazoa? Edo ez dago arazorik?

Orain arte, biolentziaren analisien objektu zuzena ETA izan da, baina hori ez da egi osoa, Estatu-biolentzia baita perspektiba hori inposatzen diguna. Beraz, eztabaida guztiak, aldez aurretik biolentzia bat pairatzen du eta ez da ETArena. Horrexek berak agerian uzten du, Estatuen terrorea –«ressort du governement», Robespierrek esaten zuen bezala–, ez dela biolentzia instituzionalera eta errepresiboa mugatzen. Pentsabideak ere berak markatzen dituelako.

Lerro hauetan argitu nahi dudana da, besteak beste, biolentzia, ETA baino zerbait gehiago dela, luze eta zabalagoa.

Armak eta biolentzia, Euskal Herriko historia moderno guztian dauzkagu. ETA aldiz, atzo goizekoa da. Ni oso oker ez banago behintzat, Zumalakarregi ez zen ETAkoa, Espartero ez zen PPkoa, eta Maroto ez zen EAJkoa.

Hemendik, afera onetan lan egin duzuen guztioi, nire aitortza.

Search