Juan Luis Mugertza Unanue

Lepitzulia

Txori bat da, okilen familiakoa, baina itxura eta portaeraz desberdina: ez du enborra mokoaz zulatzeko okilen ohiturarik. Gainera, lurrean gehiago ibiltzen da zuhaitzetan baino. Hori, bai, ez da bat ere erraza ikustea, eta entzutea errazagoa bada ere, leku jakin batzuetan (arnasguneetan) baino ez duzu  entzungo. Negu partean oso urruti egoten da gugandik, baina laster gurean egongo da. Bere izena lepoari etengabe eragiteko ohituragatik datorkio. Izan ere, zer edo zer antzematen badu, dela gustuko bikotekide baten mintzoa, dela arerio askoren arriskua, atzera begiratzen du jakiteko nor den. Horregatik, nik beti pentsatu izan dut euskaldunok eta lepitzuliak elkarren antza handia dugula. Gu bizi garen parajeetan (Bilbon, Getxon, Santurtzin, Berangon…) ez baita beharrezkoa Eusko Jaurlaritzak euskararen gainean egindako inkesta gauzatzea. Nahikoa da euskaldun lepitzulioi galdetzea  zenbat aldiz eragiten diogun egunero gure lepoari, atzean baten bat euskaraz mintzatzen denean. Agian, metodo hori haiek emandako zenbaki hotzak baino sinesgarriagoa izan liteke euskararen egoera benetan nolakoa den jakiteko.

Search