Tomas Elorza Ugarte

Loizuko giza hezurdura, Isturitzeko mamut hezurrak eta Iruña Veleiako grafitoak

2021eko lehen hilabeteotan Prehistoriako aurkikuntza garrantzitsuak gertatu dira Euskal Herrian: otsailean, Loizuko (Zangotzako merindadea) koba batean aurkitutako 12.000 urteko giza hezurdurarena; apirilean, Donamartiriko Isturitze koban (Nafarroa Beherea) aurkitutako 30.000 urteko mamuten hezur eta giza arrastoena.

Hauei buruzko ikerketa egiteko hainbat zientzialari, unibertsitate eta laborategi jarri dira lanean. Loitzukoa aztertzeko diziplina anitzeko 26 laguneko talde bat arituko da hezurdura ikertzen, besteak beste, Kantabria, Burgos, York, Uppsala, Cambridge eta CSICeko ikertzaileak. Isturitzen, EHUko talde batek zuzendu du nazioarteko indusketa eta aurkituriko 30.000 urteko animali hezur eta giza arrastoetatik ondorioztatu dute mamuten ehiza egiten zela bertan. Gainera, maila estratigrafiko bakoitzetik gutxienez bi lagin bidaliko dituzte unibertsitate ezberdinetara laborategiek Karbono-14 proba egiteko.

Bi kasu hauek Arabako Iruña-Veleiakoarekin konparatzen baditugu prozedurak zeharo ezberdinak eta kontrajarriak ere badirela ikusiko dugu. Iruña-Veleiakoan, behin eta berriz eskatu arren, ez zen nazioarteko aditurik onartu; grafitoen laginak ez ziren ez unibertsitate ez laborategietara bidali (bide judiziala hasi ondoren IPCEra, Instituto del Patrimonio Cultural de España, soilik); zientziaren bidea jarraitu ordez epai-bideari ekin zioten arduradunek; aurkituriko grafitoetatik soilik %10a baino zerbait gehixeago aztertu da…

Hala eta guztiz ere, Eliseo Gil Gasteizko epaitegi batek zigortu zuen ikerlari batek (J. V. Navarro) laborategi batean (IPCE) egindako ikerketan oinarrituta. Epaitegi bat, ikerlari bat, laborategi bat. Ez da batere ulergarria zergatik eman zitzaion lehentasuna bide judizialari eta ez ikerketari.

Gaur egun, Arabako Foru Aldundiak giltzapean dauzka (?!) euskararen, latinaren eta kristautasunaren historiarako hain garrantzitsuak izan daitezkeen Iruña-Veleiako grafitoak. Eta okerrena, ikerketa berriak egiteko bideak oztopatzen ari da:  grafitoen %85a aztertu gabe dago, indusketa kontrolaturik ez da egiten, laginik ez da bidaltzen unibertsitate eta laborategietara, informazio handia eman dezaketen ehundaka pieza garbitzeke daude 2008tik, indusketatik atera bezala... Loizuko eta Isturitzeko bidea zuzena da. Iruña-Veleiakoa kudeatzen dutenek badute non zer ikasia.

Search