Manu Pirata

Manu eta laguntzaile guztien izenean mezua

Urtero gure udalekuak ospatzen ditugun Goñiko herritik idazten dizuet. Manu Pirata naiz. Askok ez nauzue ezagutu, naizenik ere ez duzue jakingo. Baina bai, banaiz, Mariren ametsen lurraldea bezala; batzuk ukatu arren, guk mapak, irribarre eta ametsak marrazten dakigulako. Urtero Euskal Herriko txoko guztietatik etortzen diren adin guztietako ameslarien laguntzaz, etorkizuneko herri, harreman eta bizi eredua irudikatzea eta eraikitzea dugu elkartu eta batzen gaituen helburu. Ameslari horiek, eguneroko jardunez gain, urte guztia proiektu honetan lanean pasatzen dute; arduratsu eta konprometituak, arazo edo gatazka sozialen aurrean kontzientzia handikoak, oztopo politikoen aurrean elkar-lanean eta gogotsu aritzen direnak, momenturik zailenetan ere laguntasunez jokatzen dutenak dira. Hori da euren bereizgarri. Azken asteotan, ameslari guztiok barrena astindurik eta barrua asaldaturik, nekaturik sentitzen dugu. Mendekuan oinarritzen diren jazarpen eta zapalkuntza bortitz eta nazkagarriz zipriztindu eta zikindutako gertakari larriak gertatu dira gure inguruan. Gertaera gordin eta latzen kate-begi amaiezina (atxiloketak, epaiketa politikoak, torturatutako lagunak, muturreko egoerak…). Asko dira Dorrekoatik eta beren etxeetatik urrun dauden Goñikideak; amestea aski ez, eta, gure herriaren alde borrokatzeagatik eraman dituztenak. Izar gorri guzti horiek, jakin, asko maite zaituztegula zaudeten lekuan zaudetela. Halaber, ezin dugu salaketa egin barik gelditu, oihukatu barik lokartu; ezin dugu zentzugabekeriaz, minez eta sufrimendu ankerrez bizitzera kondenatuta jarraitu, ez dugu halakorik onartuko!! Lerroon bidez, proiektu honen parte, inguruko edo hurbileko zareten kide guztiei, eta, bereziki, egun hauek min handiz bizitzen ari zaretenoi, elkartasunezko besarkada eta muxu estu bana bidaltzen dizuegu. Jakin, zuen borrokarako grina eta indarra eredugarri zaizkigula. Udalekuak, giltza garrantzitsuak eskaintzen dizkigu hango eta hemengo gazteak elkartzeko, elkarrekin bizi-hazi-hezi eta gure indar sortzaile, hezitzaile, eraldatzaile eta iraultzaileak metatzeko! Beraz, hau baliatzen jarraituko dugu, elkartzen, formatzen eta gure herriaren alde lan egiten! Goñiko magaletik, animo mezua zazpi itsaso eta sasi guztien gainetik!! Osasuna, maitasuna eta askatasuna!! Manu pirata eta bere laguntzaile guztien izenean

Search