Matrakaz
Edorta Agirre
14/08/2020

Duela aste gutxi Osasun kontseilariak «dena kontrolpean dago» adierazi zuenez, kezka bai, baina beldurrik ez.
Orain ikusi dugu herri osasuna hankaz gora dagoela: kutsadurak biderkatu, biktimak ugaldu, ospitaleak gainezka egiteko zorian, sanitarioak lanetan itoko ez diren beldurrez…

Beharbada euskaraz (eta erdaraz) ez dakigulako, mezu erraz horiek ulertzeko gauza ez garelako edo auskalo zergatik, errealitatea zeharo bestela ikusten da guretik. Noiz aldatu da errealitatea? Noiz eman du arduradun horrek bestelako mezurik? («Kontrolpetik ihes egin digu», alegia). Ez, bereari eutsi dio. Zergapekoaren galderak gutxi eta soilak dira. Egoera kontrolpean baldin badu, gu akabatzea nahi du, ezta? Egoeraren jabe ez bada, zergatik ez du aitortzen?

Laburbilduz, gaiztakeriaz jokatzearren edo behar bezala ez jokatzearren, ez zaigu komeni hori bezalako osasun arduradunik. Are gutxiago, errua guri leporatzen badigu, berealdiko zinismoa erakutsita. Gu ez gara errudun, zergapeko baizik. Konpon beza arazoa eta ez leitu kartilla herritarrari. Horretarako gauza ez bada, utzi lekua beste norbaiti.