Ainara Maya Urroz | Irun

Memoria historikoaren neurona

Arabako Albertia mendi historikoan jarri du hitzordua EAE-ANVk aurten ere berrogeita bederatzigarrenez memoria historikoa gal ez dadin eta transmititzeko geurona dena belaunaldi berriei. Geure ona atera dezagun iraganeko akatsetatik ikasiz errepika ez daitezen, historia errepika ez dadin transmisioa ezinbestekoa baita.

Hedabiderik ez zegoen bertan atzoko igandean, Albertia mendian frankismoaren eta faxismoaren aurka hil ziren 1.000 gudari han hil zirela oroitzeko eta omentzeko hitzorduan. Non da memoria historikoaren neurona? Neure onena hauxe da, gertatu dena zabaltzea gizartean, eta neure lekukotasuna azaltzea.

Pagadi eta hariztietan 868 metro gora egin genuen, mendigoizaleen gisa, eta bide erdian burdinazko monolitoan geldialdi ttikia egin genuen. Hantxe Franco jeneralaren zuzendaritzapean Errepublikaren legalitatearen aurka armatu ziren tropen aurka 1936ko abenduaren 24 arte borrokatu zuten batailoien zerrenda ageri da.

Geldialdi txiki horren ondoren, Albertia tontorreraino iritsi ginen eta han EAE-ANVko kide den Antton Gomezek hitz egin zuen gaur egun gizartean bizi dugun desmobilizazioaren aurrean bildu behar dugula aldarri eginez independentziagatik euren bizia eman zuten gudari haien izenean.

"Eusko Gudariak" kantatu ondoren, Albertia menditik jaitsi ginen, gure neuronak burmuinean bueltaka genituela harrespilei begira: geurona, geurea dena eskuratzeko garaia dugu, geure herriaren independentzia. Geure artean genuen Alberto Muñoz irundar EAE-ANV kide historikoa, erbestean aritu zena Eusko Jaurlaritzan aipatu alderdiaren kide gisa. Harengatik eta independentziaren alde borrokatu ziren guztiengatik eta Euskal Herria Europako naziorik zaharrena delako askatu behar dugu.

Datorren urtean ere Albertia mendian elkartzeko deialdia egingo da, eta heldu den urtekoa handia egin nahi da; izan ere, 50 urte beteko da Albertian elkartzen direla urtero eta 100 urte EAE-ANV alderdia sortu zela. Beraz, zorionak, Euskal Herria eta segi beti aitzina uros eta zoriontsu!

Search