Iñaki Idigoras Igartua, Oñati

Memoriadun euskara

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuak gogora ekartzeak orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du, eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten. Eguneroko jarrerak berrikusita, garen bezala, lotura gutxiagorekin adierazten hasten gara.

Subjektu pertsonalaz esandako horrek berdin-berdin balio du herri batentzat ere. Gure herriaren nortasuna loturik, preso daukate iraganeko gertakarietatik. Hain da traumatikoa daukagun iragana! 1200, 1512, 1620, 1789, 1833/72, 1914, 1936. Garai esanguratsuak dira gure historian. Zenbat hildako, zenbat zauritu, zenbat min! Zenbateko zapalkuntza, egun ere aurrera daramatena!

Irudikatu dezagun euskaldunon kultura baserri bat dela. Orain 1200 urte, kultura horrek estatu bat eman zion bere buruari, teilatua ipini, arrotzen erasoengandik babesteko: Iruñeko erresuma, gero Nafarroakoa izango zena. Baina lehen aipatu ditugun urteetan, teilatu hori desegin egin digute. Jada ez daukagu babesik. Estatu gabeko nazioa baino, estatu gabetutako nazioa gara. Zer gertatzen zaio teilaturik gabeko baserriari? Higatu eta erori egiten dela. Ataka horretan gaude.

Zer egin dezakegu? Erresistentzia egitea dagokigu, teilatu gabetutako baserriari toldoa ipiniz. Toldo honek bi helduleku behar dituelakoan nago; bi zutabe: euskara eta memoria. Hain zuzen ere, gure nortasuna suntsitzeko, etsaiek indarrez kolpatzen dituzten bi zutabeak.

Inork gutxik ezagutzen du gure herriaren autobiografia. Ezagutzeak izugarri lagunduko liguke oraina ulertzen eta komeni zaizkigun estrategiak marrazten. Nola zabaldu gure historia? Euskara eragileen sare bat badaukagu josia, 50-80ko hamarkadetako pizkundearen ondare. Zer iruditzen, hain garrantzitsua den memoriaren gaia ere sare horren bitartez zabaltzea euskararekin batera?

Belaunaldi berriko euskalgintzaren berrikuntza horixe litzateke, memoria ere bere barne biltzea. Gainera, iragana ezagutzeak euskara ikasi edota erabiltzeko motibazioa ere sustatzen duelakoan nago. Horrela, bi ardatzek elkar elikatuko lukete, behar dugun nortasuna indartuz.

Independente izan zirelako gara, eta berriro ere izan gogo gara. Asmatuko ahal dugu!


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Search