Mila esker, tribu!
Ez naiz hasiko «betidanik argi izan dut ama izan nahi nuela» esaldiarekin, zeren ez, ez da egia. Urtetan zalantzak izan baina argi nuen gauza bat, nire erabakia izango zela.
Duela urte batzuk ama izateko prozesuan sartu nintzen bakarrik eta ez da bide erraza izan. Etsipenak, beherakadak, negatiboak…. horri gehitu iezaiozu amaren heriotza eta aitaren zaintza. Eta, bat-batean… «positiboa atera da, haurdun zaude!». Oraindik gogoratzen dut aldi berean sentitu nuen poztasuna eta bertigoa. Nola egingo dut? Beldurrak azaleratzen hasi ziren….
Ohiko familia eredua horren sartua dugu, batzuetan kostatu egiten zaigula beste batzuk ikustea. Horregatik, eskutitz hau eta esker beroenak, nire tribuari eskaini nahi dizkiot. Lagunekin eta bikotekide tradizionala ez den senideekin osatua dagoen tribua. Momentu zailetan eutsi eta berri onak nirekin ospatu dituena, ospitalean txandak egin, tuperrak prestatu, aulki edo sofa deseroso batean gaua pasa eta irribarre batekin «nahiko ongi» egon dela esanez jaikitzen dena… Pediatrarengana lagundu nauten eskuak edota Nahi besoetan izan dutenak amatxok atseden pixka bat edo dutxa goxo goxoa hartzen zuen bitartean… Madrilen bizi baina bihotza beti hemen, «zer moduz zaudete? Asko gogoratzen naiz zuekin…» mezua bidaltzen duen tribukidea… Edo «zerbait behar duzue? Erosketak egitera noa, etxera eramango dizuet…», baita «ze gau txarra pasa dudan... oso gaizki sentitzen naiz...» entzun eta ulertzen zaituen sarea…
Zaintzan eta feminismoan izugarri erakutsi didazue. Mila, mila esker, tribu! Maite zaituztet! Beste mundu bat posible da.