Joseba Otano Villanueva

Nafarroako Gobernua euskara ez puntuatzeagatik, Arartekora

Nafarroako Gobernuaren aurkako kexa aurkeztu du Administrazioan Euskaraz Taldeak Nafarroako Arartekoaren bulegoan, agintaldi honetan egindako lan deialdiak direla eta.

Nafarroako Gobernu berriak 3 urte eta hilabete batzuk egin ditu jada. Denbora horretan, Administrazioan lanean hasteko 63 lan deialditan ez du baloratu euskaraz jakitea. Osasunbideak egin dituen 11 lan deialdietan bai, baloratu du euskara jakitea (nolanahi ere, praktika orokorra izan da Erriberan euskara ez baloratzea eta bai, ordea, atzerriko hizkuntzak). Osasunbidetik kanpo, salbuespena izan dira turismoko bi lan deialdi: Horietan bai baloratu da euskaraz jakitea (atzerriko hizkuntzekin batera).

Lan deialdi gehienak ez dira izan lanpostu finko bat lortzeko, baizik zerrendak egiteko. Zerrendak horiek egitean ez da euskara jakitea baloratu, eta gero zerrenda horiek Nafarroa osoan erabiltzen dira, baita eremu euskaldunean ere, Euskararen Legeak dioenaren kontra, Euskararen Legeak baitio eremu euskalduneko lanpostuetan euskara jakitea baloratu beharra dagoela.

Espero dezagun Nafarroako Arartekoa gai izatea Nafarroako Gobernu berriaren jokaera tamalgarri hau zuzentzeko!

Search