Mikel Fernández Mínguez

Oporrak bakean

Oporrak Bakean programaren deuseztapenaren ostean, aurten berriro abian jarriko da; beraz, gure herrietatik Saharar Herriaren ordezkapenik onenak ikusi ahalko ditugu, haur sahararrak hain zuzen ere. Asko gara Euskal Herrian zehar programa horren bitartez herri honen errealitatea deskubritu genuenak; horregatik, ekintza hau berriz ezartzeak alaitzen gaitu, are gehiago, une honetan Saharar Herriak inoiz baino gehiago behar gaituenean. Niri dagokidanez, aurtengo harrera berezia izango da aurrekoak anaia bezala bizitzeko aukera izan baititut eta uda honetan, berriz, esperientzia beste abiapuntu batetik bizi izango dut: alabei pasako diet lekukoa eta haiek izango dira Oporrak Bakean programa biziki bizi izango dutenak eta inportanteena: alabek bizitza osorako loturak sortuko dituzte. Borroka honetan murgilduta gaudenok argi dugu geure xedea dela udarako programa horren desagertzea. Horrek ekarriko luke,batetik, Saharar Herriaren itzulketa bere inbaditutako herrialdera eta, bestetik, ez litzateke beharrezkoa izango Oporrak Bakean programa. Oxala horrela izango balitz; hala eta guztiz ere, bitartean borrokan eta Saharar Herriari sostengua ematen jarraituko dugu bai eta pertsona berdinen arteko loturak sortzen ere. Aurten familia harrera bazara esperientziaz blaitu eta, hala ez bada, hurrengo urtean itxarongo dizuegu, merezi du eta.

Search