Juan Luis Mugertza Unanue

Orain hobeto ulertzen

Igandeko "Berria"-k Alicia Aialari (Barakaldo, 1947) sekulako aukera eman zion mingaina askatzeko, eta gauza asko esateko. Ezagutzen ez duzuenoi esan behar dizuet Alicia PSOEko kide amorratua dela, hemezortzi urteaz geroztik, UGTko sindikalista, eta, behin jubilatutakoan, idazlea. Hasierako pasarteak oso gustura irakurri nituen. Basauriko espetxean bi aldiz izan zen, enpresa batzordeetan aritzeagatik, eta nolabaiteko enpatia izan nuen erakutsitako hautu politikoagatik, baina gizarte gaia, euskal nazionalistak, eta euskararen inguruan aritzean, gorputzaldi txarra utzi zidan. Izan ere, Euskal Herrian bizi diren espainiarrak, Aliciaren ustez, hemengo biktimak dira, eta bera bezala pentsatzen dutenak bigarren mailako gizakiak sentiarazten dituzte, antza. Gainera, euskara dela eta, gutxiago egin dituzte, eta administrazioan hogei urte igaro ondoren, bere kasuan bezala, lanpostu finko bat izateko aukera kendu. Berak ez du ulertzen bileretan guztiek gaztelania ulertzen bazuten, zergatik itzultzaile bat egon behar zen. 1976an emandako amnistiaz galdetzean, guztiz beharrezkoa ikusten zuen; egoera aldatzeko, kartzelan ez da preso politikorik behar. Hori bai, gaur egungo egoeraz galdetzean, Aliciaren ustez, ez dago preso politikorik, nahiz eta katalanek hori esan. Euskal presoez ez du ezer esaten, baina ez dut uste bestelako iritzia izango duenik. Bukaera aldera, ea inoiz aldatu diren bere ideiak galdetu zioten, eta funtsean ezetz esan zuen: gizakiak duen ongirik preziatuena «askatasuna» baita. Batzuetan zaila da bestelako ideologia dutenena ulertzea, baina gero eta hobeto ulertzen dut zein den euskaldunon bidea, eta zer nolako garrantzia duen gure territorio libre bakarrak.

Search