Iñigo Jaca Arrizabalaga

Osakidetzari erantzuten

Armentia jauna, atseginez irakurri dut zuek prest zaudetela Osakidetzako Euskalduntze Planak betearazteko; baina zuk aipatzen dituzun plan horien ataletako batzuek epe jakin bat izan behar dute, bestela intentzio-deklarazio huts dirudite. Ez dakit beteko dituzuen, izan ere, legearen aldarrikapena egin zenetik hogeita hamar urte pasa dira, eta esan daiteke Osakidetza ez dela oso arretatsua izan. Planak eta epeak betetzea nahi dudanez, txalo joko dizuet gogo onez, hori egiten baduzue.  

Zuk hau aurpegiratzen didazu, Donostiako Aranzazu ospitalean eta Barakaldoko Gurutzetako ospitalean ardura karguak izan nituen urteetan, 1982tik 1991ra, ez nuela ezer egin euskalduntze plan bat bete zedin, eta arrazoia eman behar dizut horretan, horrelako ezer egiterik ez baitzegoen une haietan.  

Arau juridiko batzuek eskubideak ematen dizkiete hiritarrei, esate baterako 1982ko abenduko Euskara Normalizatzeko Legeak, baina legeak berak esaten zuen bera aplikatzeko Eusko Jaurlaritzak erregelamenduzko xedapenak eman behar zituela, hura garatzeko hain zuzen, eta xedapen horiek, osasun arloari dagokionez, urte askoren buruan atera zituzten. Badira beste arau batzuk ere, betebeharrak sortzen dizkietenak gobernu eta erakundeei, eta hauek Europako Araudia eratzen dutenak dira: 2000. urteko Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna; Pazienteen Eskubideen Europako Gutuna, 2005/36/EC Lanbide-Gaitasunaren Zuzentarau Europarra; Erregio-Hizkuntzen edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna –Espainian 1992ko azaroan indarrean jarri zena–. Ikusten duzunez denak dira ni osasun arlo publikoan ardura karguetan egon ostekoak.  

Zuk, zauden karguan egonda, ongi dakizu ospitaleko zuzendari batek gutxi egin dezakeela edo batere ez, baldin eta Zuzendaritza Nagusiak edo indarrean dauden arauek uzten ez badiote. Oztopo horiek izanagatik ere, bai lortu genuen ni zuzendari nintzela, Enpresa Batzordearen adostasunarekin, euskarako klaseak ematea Aranzazu Ospitalean, eta baita ere, erizain euskaldunak toki-aldatzea pediatriako larrialdietara, materno-infantil ospitalea ireki aurretik, haur euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko, Insalud ginenean; eta lortu genuen, halaber, Osasungintza Euskalduntzerako Erakundea (OEE) eratzea, Gurutzetako ospitalean, Osakidetzaren inongo bedeinkapenik gabe.  

Lan arloko ene azken urteak, Nafarroako Gobernuko Birziklatze Programari heldu nionaz gero, Baztan eta Xaretan eman ditut. Artatu ditudan pazienteek atsegin handia erakutsi dute beren medikuarekin euskaraz egin ahal izan dutelako. Haiek ikusarazi didate beren oinarrizko eskubideak urratzeak duen larritasuna, hain zuzen ere beren hizkuntzaren erabilera errespetatzen ez denean. Nire esperientziatik esaten dizut, zuen bulegoetatik irten eta pazienteen eta hauen arazoen aurrean jartzeak lagundu egingo lizueke haiek ulertzen, eta horixe egin behar zenukete aldiro-aldiro.

Search