Joseba Fernández de Retana | Aintzat taldearen izenean

Osasuna kolokan

Gure babes osoa adierazi nahi dugu Aizarnazabal, Getaria, Zestoa eta Zumaiako herrietako udalek aurkeztutako gutunari.

Aintzateko osasun langile eta erabiltzaileok ulertzen dugun osasungintza eredu berri honetan pazientea erdigunean kokatzen da. Horrela, norbanakoaren osasunean bakoitzaren iritzi, lehentasun eta eskubideak zeresan handia daukate. Baina ez hori bakarrik, ezin da ulertu elkar ulertzeko trabak jartzen dituen osasungintza. Nola jakingo dugu pazienteak zer daukan ez badiogu bere hitzetan azaltzen uzten, eta nola esango diogu gure medikuari zein den gure kezka hitz arrotzetan? Pazienteen osasuna arriskuan jarri nahi ez bada, argi dago beraz, langile ahaldunak (elebidunak) formatu eta kontratatzea izan behar dela Osakidetzaren lehentasuna.

Aukera hau aprobetxatu nahi dugu Osakidetzaren behin-behineko kontratazio politikak salatzeko. Izan ere, hizkuntza gaitasunak (perfil linguistikoak zehatzagoa izateko) «kontuan hartzen» badira ere plaza egonkorren esleipenean, behin-behineko kontratazioen irizpidetan espainola derrigorrezkoa den bitartean, euskara soilik hautazkoa da.

Jakinda Osakidetzako plantilaren parte handia behin-behineko langileria dela, tamalez, gertatutako egoera hau behin baino gehiagotan errepikatu egingo da.

Horregatik, eskatzen diogu Osakidetzari zurikeriak alde batera uzteko eta behingoz has dadila herri honi dagokion kalitatezko zerbitzua eskaintzen!

Search