Paul gixajoa
Arratsaldeko 16:00ak. Hain merezitako siesta ordua. Telebista piztu eta ETB2-ko “¡Qué me estás contando!” saioa jarri.
Blablabla... ZzZzZz… Paul Abasolo… Blablabla… ZzZzZzZ… Linchamiento popular… ZzZzZzZ… blablabla… «No soy un enfermo, no puedo arrepentirme de unos abusos que no cometí…» ZzZzZzZ Blablabla… lo que este chaval está sufriendo por todo lo que está pasando durante estos años no sé si es casi una pena… ZzZzZz Blablabla… «El tiene novia ya hace años, ya tiene una pareja estable hace años» ZzZzZzZ… Blablabla…
Nondik datoz ahots horiek? Ametsetan al nago? Begi bat ireki eta ez dakit oso ondo zer ari naizen ikusten. Egoera hau da: hiru tertuliano (psikologoa, abokatua eta kazetaria) eta aurkezlea. Non dago erasotuen ahotsa? Non daude mugimendu feministaren ordezkariak? Ez, ez daude. Are gehiago, gure ahotsa isiltzeaz gain, mugimendu feminista kriminalizatzen dute, gu gara «biolentoak», «erasotzaileak», «histerikak»… Eztabaidatzeko programa bat dela diote, baina iritzi guztiek patroi bera jarraitzen dute. Horrela manipulatzen da jendartearen iritzia. Horrelakoa da gure telebista publikoa.
Birgizarteratzearen lelopean erasotzaile bat inpunizatzea lortu nahi dute. Paul Abasolo «gixajoak» 3 urte terdiko kondena jaso zuen 3 emakume erasotzeagatik. Baina bai, gixajoa Paul da, ez diogulako bere bizitza berregiten uzten. Eraso egin dituen emakumeek berregin ahal izango dute beraien bizitza?
«¿Qué más quieren hacer con este chico? ¿Qué quieren hacer con él? Que se arrepienta públicamente es lo que quieren» Berdin digu bere barkamenak. Onartzen ez duguna da erasotzaile bat goraipatzea eta gainera, jende askoren eredua bilakatzea, futboleko hainbat jokalarirekin gertatzen den bezala: animo oihuak, txaloak, idolo bihurtzea… Hurrengoa zer izango da? Umeek bere kamisetetan Paul Abasoloren izena eramatea? Onartezina da. Lotsagarria da komunikabideek, udalak eta futbol taldeak berak horrelako pertsonei babesa helaraztea eta bere irudiaren zuritze prozesuan laguntzea. Eskerrik asko hiruroi!
Gure esker hitzetan ez ditugu bestelako komunikabide batzuk ahaztu nahi, hala nola, ‘El Correo’ edo ‘Deia’. Ziurrenik, komunikabide hauen instalazioetan erasoen kontrako puntu morea ageri da. Ez da oso zaila, zelo apur batekin pegatzen duzu, eta kitto. Baina, non dago haien benetako erantzuna behar denean? Noiz ematen dute pausua pasibotasunetik aktibotasunera? Inoiz ez, ez dira bustitzen. Are gehiago, erasotzailearen konplize bihurtzen dira haien orrietan kobertura eman eta elkarrizketa egiten diotenean. Borreroa biktima bihurtzen dute.
Guk argi daukagu. Kontzentrazioak egiten jarraituko dugu, zelaira salto egiten, eta beharrezkoa denean, berak egindako erasoak ahaztu ez daitezen jarraituko dugu borrokan.