Mikel Iglesias | Burdin Herria

Peñas Negras ez itxi!

Igandean Peñas Negraseko Ingurumen eta Interpretazio Zentroaren aldeko martxa bat egin zen Meatzaldean. Manifestazioa Larreinetatik abiatu zen Peñas Negraseko zetrora heldu arte. Mobilizazio jendetsua, 1.000 bat pertsonek parte hartu zuten, eta alaia izan zen. Martxaren buruan abeltzainak eta Basetxea Gaztetxeko musikariak (4x4 auto batean) joan ziren, «Salvemos Peñas Negras ez itxi» pankartaren atzetik herritar andana eta atzealdean txirrindulari taldea. Peñas Negrasera heldutakoan Burdin Herriak honako komunikatu hau irakurri zuen:

Eskerrik asko guztioi martxa honetan parte hartzeagatik. Hasteko, argi esan nahi diegu Abantoko Udalari, Diputazioari, Eusko Jaurlaritzari eta Meatzaritzaren Museoari Meatzaldeko zein beste tokietako auzokideak Peñas Negras tokiz aldatzearen edota eduki barik uztearen kontra gaudela erabat.

Peñas Negras beti izan da topagune abeltzainentzat, mendizaleentzat eta bisitarientzat orokorrean. Duela bi hamarkada Eusko Jaurlaritzak zentro hau eraiki zuen eta martxan jarri zuen orain itxi nahi duen dibulgazio hezkuntza proiektua. Erabaki hau publikoki iragarri da zentroko langileen eta herritarron iritzia aintzat hartu gabe. Instituzioek nahi dutena egiten dute, nahi dutenean eta nahi duten tokian kontsultatu barik; golf zelaia eraiki zuten, ingurunea eraldatu duten eta geure historiarekin zerikusirik ez duten eskulturak jarri zizkiguten, geure historiaren ondare den meatzal ospitalea eraitsi zuten berreraikitzeko asmoz, orain, ordea, dirurik ez dagoela eta berreraikitzea ezinezkoa dela diote. Hori guztia gutxi izango balitz, orain Ingurumen Interpretazio Zentroa kendu nahi digute, zeina akaso, instituzioek geure eskualdean egindako inbertsiorik onena den.

Meatzaritza ustiapenak izugarri eraldatu du ingurumen natural hau eta Peñas Negraseko Zentroak lan handia egin du ingurune honen babes eta kontserbazioan. Mirestekoa da bertako langileek egindako historia lana. Zentroa martxan egon den urteotan, 300.000 pertsonek bisitatu dituzte bertako erakusketak edota programetan parte hartu dute. Taberna-kafetegia erabili dutenak kontuan hartuz gero, 750.000koa da kopurua.

Ezin da ahaztu arestian, Meatzaldeko Biotopo izendatu dela inguru hau, hori dela eta, Peñas Negrasek erabateko garrantzia dauka, inguru honen sarrera nagusia baita.

Ondare natural eta kulturalaren babesari dagokionez, geure aburuz, zenbat eta informazio gehiago eman herritarroi, orduan eta errazagoa izango da hauen sentsibilizazioa lortzea. Beraz, ingurumen ekipamenduak, Peñas Negrasen kasuan bezala, sustatu nahi den espazio naturalean bertan kokatuta egon behar dira, izan ere, hori da bisitarien artean ondare natural eta kultural horri zabalpena zein balioa emateko tresnarik indartsuena. Inori ez litzaioke esatea bururatuko, esate baterako, Urkiolari buruzko informazio gunea jartzeko tokirik onena Bilboko Diputazioko bulegoak direla. Ala bai?

Peñas Negras desagerraraztea edo Gallartara eramatea, geroago Biotoporaino joateko bisita egitera, ez da ez errentagarria, ez zentzuzkoa, modu horretan, aipatu dituzten heltzeko arazoek jarraituko bailukete.

Tokiz aldatzeari ezezko biribila ematen diogu eta instituzioei eskatzen diegu beharrezkoak diren hobekuntzak egiteko, lanpostu guztiak mantentzeko eta Biotopoari zentzua emango dioten kontratazio gehiago sustatzeko Zentroan.

Zuzena da Meatzaritzaren Museoak lan handia egin duela aitortzea eta ondo deritzogu bertako instalazioak hobetzeari, ez, ordea, beste ekipamenduak ixtearen truke. Meatzaritzaren historiak badauka nahikoa funts berez, bakarrik historian aritzen den behar bezalako Meatzaritzaren Museoa izateko, orain arteko lan ona egiten jarraituko duena, baina proiektuak nahastu gabe. Museoan inbertsoak egitearen alde gaude, era berean, Peñas Negraseko Zentrorako eta eskualdea hobetzeko inbertsio gehiago eskatzen dugu.

Hala Udalek, nola Meatzaritzaren Museoak modu irekian defendatu beharko lukete Meatzaldeko Udal bakoitzak bere ondarea Udalean bertan mantendu eta babestea.

Bizkaiak eta EAEak zor historikoa daukate geure eskualdearekin, ez gara euren promesekin eta gezurrez jositako prentsa izenburuekin konformatuko; Peñas Negras ixteko iragarpenak mugiarazi gaitu, interpretazio zentroa dagoen tokian geratzeko ez ezik, Meatzaldeko oraina eta geroa ere defendatzeko.

Eusko Jaurlaritzari eta Diputazioari exijitzen diegu Peñas Negraseko Zentroko lekualdatzea geldiarazteko, halaber, planteatutako Proiektua geldiarazteko ere eskatu nahi diegu, betiere, Meatzaritzaren Museoko eraikuntza berrian aurreikusitako inbertsioa kaltetu gabe.

Honez gain, Meatzaldeko Udalerrientzako plan orokorra ere exijitu egiten dugu, ezinbestekoa den herritarren parte hartzea bermatuz eta lana sortuko duten hainbat proiektu eta zerbitzu barne hartuz udalerrietan. Horretarako, inbertsio gehiago eskatzen dugu baztertutako geure eskualdean.

Ez dugu uste ekipamenduen kudeaketa boluntarioek egin beharreko lana denik. Profesional kontratatuak behar dira kalitatezko lan serioa egiteko, Peñas Negrasen egiten duten bezala, bai ingurumen naturalaren babesean, bai memoria historikoaren berreskurapenean, eskola programen bitartez edo hogei urtez Zentroak egiten dituen jardueren bitartez, inguruari berebiziko garrantzia emanez.

Argi utzi nahi dugu Burdin Herria ez dela azpiegitura kudeatzailea, gune publiko eta memoria historiko dinamizatzailea baizik.

Geure eskualdeak hamaika aukera dauka, horregatik, arduradun politikoei herritarron benetako parte hartzea bermatzeko esan nahi diegu, modu honetan, elkarrekin diseinatuko dugu Meatzaldeko etorkizuna.

Egun, meatzaritza ondarearen egoera penagarria da; sastrakak jandako zamatzeko toki edo garbitegiak daude, bete gabeko promesak, abandonatutako guneak... Eta desagertzen ez dena eramaten dute.

Aski da! Geure Udalerrietako ondasun kultural, ondare eta memoria historikoa desagertzeari ez!

Search