Cecilio Rodrigo

Pleibak

A: Amorrru eta bekaizkeria handiz idatzitako liburua da, hasiera hasieratik nabaritu dut.

B: Maitasun paregabeaz idatzitako liburua da.

A: Klase marginaleko neska bat da protagonista eta narratzailea ere bera denez, gorrotoz, inbidiaz eta erresuminez kontatzen du dena.

B: Erresumininik eta amorrurik ikusten al duzu honako esaldietan:

“Beda eixu siestie, esaten, eixu siestie, ume. Melokotoi zahar baten moduan tximurtzen zait bihotza errezarazi dizkiodan Agur Maria guztiak buklean entzuten hasten naizenean.”?

Eta honetan: “Zu, ordea, zuhaitz edurtua teilatu kontrara lez etzaten zintzaizkidan sorbaldara eta telebista pizten zenuen, berriz.”?

A: Atzera begirako mendeku-gosez idatzita dago.

B: ¿Mendeku goserik ikusten al duzu honako esaldietan:

“(…) ekarri kutxillo txikijje ta gatz potue esaten dit, orture goiez. Eta sudurreraino heltzen zaidan tomate landare parean jartzen nau: elejidu bat, ume. Ale bana hartu, ebaki bi egin, gatz tanta bat ipini eta aho-zapore eferbescente hura, Polly”?

A: Nik ez daukat inolako dudarik: esker txarrekoa eta ozpindua da protagonista eta narratzailea.

B: Esker txarrekoa bada, zelan esan dezake :

“Ostiral arratsalde poz bat zara, zinen (...)”?

A: Erdarakadaz josita daude orrialde asko eta asko.

B: ¿Ba al da erdarakadarik honako esaldietan:

“”Largo eta ama engorilatzen entzutea. Beda balerianak hartzen eta zu gurasoen bronka jaten imajinatzea. Hori guzti hori?

“Ezpain ertzean alfiler bati eusten ari balira lez egiten dute berba kabroiek, baina ezertxo ere ez zaie eskapatzen?

Eta honakoan:

“Eta ni arrogantziak ez nau uzkurtzen, baina errukiak deabruak ateratzen dizkit; katxabarekin ez ibiltzearren propagandako guardasol zaharrari helduta paseatuko duen atso baten prekuela naiz ni”

A:  Erlijioari eta elizari ere ez die eduki behar zaien errespetua.

B: Ari al zara honako esaldiez:

“Korta guztietako alarauak entzungo ditu Ama Birjinak gaur goizaldean ere. Gurean ez du jakingo behi bat den erditu ezinik dabilena, edo Largo den negar hautsian“?

“(...) ez horrela begiratu, txabal, ez naiz horma batean pelotetan eskegita dagoen panolia”?

A:  Irakasleei ere ez die behar bezalako errespetua. Ez hori bakarrik, irakaskuntza sistema osoa ere mesprexatzen eta gutxiesten du.

B: Honakoak dioskunean:

“Jasan ezin nuena, hainbeste orduan isilik eta geldi egon beharra zen: neure umezahar pisua aulkien atzeko hanken gainera bota eta grabitatea zabuka desafiatzen gogoratzen dut eskolaldia”?

”Haurtzaroan ereiten dizkiguten beldurrak haginen barruan koskortzen dira, Polly. Saia zaitez zeure kabuz ateratzen. Eskuarekin. Alikatekin. Berdin zait. Eta kontatuko didazu”?

A: Nik ez daukat dudarik, batere ez: oso neska basatia da.

B: Basatia honakoak esateagatik:

“ „ Eta, azken berrogeita zortzi orduotan, behin da berriro harrapatu dut neure burua animalia penatuaren arnaskerarekin belarria Agarreko hormei arrimatuta hots familiarren bat entzun nahian lez, edo zer dakit nik?

(…) Animalia penatu bat naiz etxe huts bateko atea harramazkatzen, joder. Beda ja ez dago barruan. Zu ja ez zaude barruan. Adri ere ez dago barruan ja” ?

A: Baina, baina, baina! Gazte talde marginaleko lokalean ibili ohi da jai- zein lan-egunetan. Bestalde, kontzientzia garbia daukaten gazte borrokalariei ere burla egiten die. “Goi Gerlari” goitizena jartzea ere!

B:  Esaterako, honakoa dioskunean:

“(…) edo trafikoa zaintzen Goi Gerlariek bide moztu zezaten…Yoquese. Baina rifak saltzen jarri zintuzteten. Irati Barrainkua ta zu, telazko poltsa bati txin-txin hotsa atereaz, kipula-txortak eta San Blas opilak erostera zihoazen andra-gizonei Venezuelarako bidaia eskaintzen, Etxeba aldameneko petrilean jarrita kanuto bat liatzen ari zen bitartean. No me jodas. Arriskutsuagoa nintzen ni, zortzi urte ta paperezko komekokos batekin, Andikoako jaietan asto-probei begira egoten ziren Pedro Mariei kolore bat aukeratzeko eskatzen: zuria: gilipoias, Larrosa kalbo, horia Aznar, urdina mongolito, gorria foiacabras, naranja gei, berdea feo, marroia zure ama zure amama da. No me puto jodas.”?  Esate baterako?

A: Bai, bai. Baina aitortu behar dut Pedro Mari bikoteei Pedro Mariei deitze horrek grazia egin didala. Oso trebea da hitz egokiak sortzen eta asmatzen. Hori egia da.

B: Ez dira hitz hutsak. Pleibak lagunduko digu sentikortasun eta kontzeptu berriak, emozio, aro eta erreflexio berriak sortzen.

A: Bai!!! Bai!!! Esaterako?

B: Batzuk aipatuko dizkizut:

1)Animalia penatuak izateko arriskuaz ohartu ezean umezurtz biziko garelako kontzeptua.

2) Erlijio barik ere, mila eta bat gaiztakeria barkatzeko ahalmena daukagulako kontzeptua.

3)“Nia”ren berekoikeriatik abiaturik, “gu” elkartasunaren mundu habitagarri batera iristeko ahalmena eta emozioa sentitu ditzakegulako pentsamendua.

4) “Naiz”-etik, “gara”- rako bidea egin barik, “ni-landian” “umezurtz-landian”biziko gara, alegia: “Homo hominis lupus” delako espetxean, gotorlekuan, gazteluan.

Kontzertinak begietan eta begiradan jarrita, aterako gara etxetik, kobazulotik, mar-a-lagotik, gordelekutik, txaletetik, goizero-goizero.

15.orrialdea:

“Ze, zu ta biok, zu eta biok gara, koño. Edo, behintzat, izan ginen. Ez?

82.orrialdea:

„Baina ni zeuri begira nago, eta zu neuri begira zaude, eta gure arteko maitasun originario hura intakto dago“

Ez adiorik!

Search