Iñigo Gandarias Barcena

Pribatizazioaren aurka... Elurra!

Asteak pasa dira urtetan izandako elurterik handienak azkenengoz Euskal Herri osoa zuritu zuenetik. Aspaldiko partez ez zela gure herri osoa zuri esnatzen. Aurreko egunetik iragarrita bazegoen ere, sorpresa handia suposatu zuen gehienontzat (akaso batzuetan eguraldi iragarpenak asmatzen ez duelako-edo izango da, Aste Santuan kasu), izan ere ez gaude ohituta gure hondartzak zuri ikustera.

Honakoak egun osoko jardunean eduki zuen isla: trafikoan, eskola, unibertsitate eta lan ordutegian, paisaian… ordu batzuen buruan gure auzo eta herriak kaosean murgildu ziren: istripuren bat, ez ohiko atzerapenak, normalean baino gehiago erabili izana garraio publikoa eta honek dakartzan zailtasunak, lanera joan ezin izana…

Hala ere, kaos horretatik gauza oso positiboa nabarmendu nahiko nuke. Espazio pribatuak oso homogeneoak dira gurean, hauek uharteak sortzen dituzten eraikinak dira gehienbat, hirian zehar sakabanatuta, inguruetara moldatua. Erabilera eta jabetza oso pribatuekin, espazio publikoaren sarea eta jariotasuna oztopatzen dute, hiriari ahalik eta etekin (ekonomiko) handiena ateratzeko. Sare publiko hau, bada, oso heterogeneoa da, publikotasun maila ezberdinak bereizi ditzakegu, ezaugarri eta erabilera ezberdinekin. Badaude espaloiak, errepideak, bidegorriak, bazterbideak, lorategiak, oinezkoen bideak… Bada, elurrari esker honako guztiak homogeneizatu ziren, ordu batzuetaz behintzat. Momentu batez hain ondo ezagutzen dugun gure auzoa arrotza suertatu zitzaigun, ez genituen ezberdintzen aurretik aipatutako zoladura ezberdin guztiak. Ezezaguna zaigun sentsazioa suspertu zitzaigun, edozer bihurtu zen zapalgarria eta ezohiko askatasuna izan genuen nahi bezala mugitzeko (batzuek eskiak eta guzti atera zituzten!).

Hala ere, ordu batzuen buruan espazio publikoa, guzti-guztia salbuespenik gabe, hiritarrona bihurtu zen, hiria bereganatu genuen elurrak sortutako kaos eder txiki horri esker. Baina, bizitzako edozein esparrutan gertatzen den legez, eguzkia atera eta elurra urtu zen, egunerokoa berera bueltatuz eta bakoitzari bere tokia zein den argi utziz; espazio publikoa zatikatuz mugak berreraikiz. Horren aurrean… elurtu dezagun hiria!

Search