Tomas Elorza Ugarte

Proiektu berriak Iruña-Veleiarako

Zenbait hedabidetan zabaldu denez Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza proiektu berriak egiten ari dira Iruña-Veleiako aztarnategirako eta datozen urteetan betetzeko: hiri erromatarra aztarnategi-eskola eta praktika-laborategi bihurtu; kultura ondarean ikerketa zientifikoa sustatu; turismoan kalitatezko kultura eskaini eta gizarte balioa sortu...

Ez nago proiektu berrien kontra, Iruña-Veleiak merezi du-eta, baina badirudi grafitoen benetakotasun-faltsutasunaren inguruan azken 16 urteotan zehar mantendu den debatea ezkutatu nahi dutela eta hori akats larria litzateke. Zeren eta oraindik auzia ez da argitu, nahiz eta kondena bat egon den:

2006an gizarteratu ziren ezohiko grafitoei oraindik ez zaie datazio frogarik egin. 291 grafitoetatik 37ri bakarrik egin zaie nolabaiteko analisia laborategian eta, bera, pertsona bakarrak egina (nahiko ote?): 37otatik bat benetakotzat eta 36 faltsutzat jo zituen. Baina beste 254 grafitoei (% 87!!!) ez zaie inolako analisirik egin, “linboan” daude, haien artean hezurrean, adreiluan eta beiran egindako guztiak.

Ehundaka pieza garbitu gabe daude oraindik Arabako Diputazioak jarritako eragozpenagatik. Ertzaintzak polizi-txosten mardula osatu zuen arren ez zuen frogatu nor zen-ziren faltsutzailea(k), ezta faltsuketak non-noiz-nola egin ziren ere. Ekintza ‘kriminala’ argitu gabe dago, beraz.

Epaileak Eliseo Gil kondenatu bazuen ere, honelatsuko esaldiak idatzi zituen sententzian: «no ha resultado probado suficientemente que él mismo hubiera realizado de propia mano los grafitos contemporáneos». Eliseo Gilek helegitea jarria dauka Konstituzionalean sententziaren aurka. Bakoitzak atera bitza ondorioak.

Search