Jesus Mari Alberdi, Gernika

Protokoloak, isiltasuna eta haserrea

Orain hiru aste bezala, gaurko gutunak ere Gernika-Lumoko Udalak Israelekiko duen jarrera salatuko du. Izan ere, aipatutako gutuna hizpide izan zuten politikariek azken osoko bilkuran, eta ezin dugu esan ondo jokatu zutenik. Bilduren eledun eta alkateoardeak, Begoña Landak, esan zuena entzun ondoren, haserretuago nago. Beste batzuen isiltasunak ere jarri nau haserre.

Alkateak Israelgo kontsula udaletxean hartu ostean, Gernika-Lumok Palestinako herriari egindako mespretxua zuritu zuen Landak bilkuran. Bere esanetan, hainbat kontsul eta agintarirekin egin bezala, protokoloa betetzera mugatu ziren: 45 minutuko bisitan lagundu eta kito. Hala ere, protokoloak hausteko daude. Edo Franco hartuko genuke udaletxean, protokoloak hala agintzen duelako? Argudio erraza eta merkea da protokoloarena, zerbait defendatzeko baliorik ez duena.

Israelgo gobernuak Palestinarekiko duen jarrerak herri zanpatuaren aldeko parte hartze aktiboa eskatzen dio Bilduri. Ezkertiarron eta independentiston koalizioak ez badu lanik egiten zentzu horretan, nork egingo du? PP eta EAJ hasiko al dira zapi palestinarrak jantzi eta Israel salatzen? Ez, kasu horretan palestinarrak bakarrik geldituko dira Euskal Herrian, eta hori ezin dugu onartu. Zentzu horretan, Israelgo kontsulari bere Estatuaz benetan zer pentsatzen dugun adierazteko aukera galdu dugu gernikarrok. Aukera ederra benetan!

Harrera ekitaldian Euskal Herritik Gazara bidalitako flotilla izan zutela hizpide aipatu du Landak; gure politikariek itsasontziaren bahiketa salatu omen zuten. Hori horrela bada, zergatik ez du azaldu Landak kontsularen erantzuna? Eta zergatik mugatu horretara, eta ez salatu Israelgo gobernuak era sistematikoan bultzatzen dituen giza eskubideen urraketak? Zerbait esateko aukera izanez gero, guztia esan behar da, edo ahal denik eta gehien, behintzat.

Ezker abertzaleko kide naizen aldetik, bilkuran iritzi kritikoak falta izan zirela nabarmendu nahiko nuke. Isilik geldituz, isiltasunak hainbat kontu iradoki ditzake.

Bukatzeko, Bilduko kideei akatsa konpontzeko –ahal den neurrian, kaltea egina dago eta!– zerbait egitea eskatu nahiko nieke. Elkartasuna adierazi behar diogu gure beste, edo are gehiago, sufritzen duen herri zanpatu eta borrokalariari. Okerra zuzentze aldera, keinu bat egin behar diogu herri palestinarrari: kontzentrazio bat, manifestazioa, adierazpen bat edo dena delakoa. Bestela Euskal Herriak, eta bereziki Gernika-Lumok, duen herri baketsu eta solidarioaren irudiak sinesgarritasuna galduko du.

Search