Aritz Soloeta Garmendia | Otxandio

Sikarioen lanak

Aurrekontuez mintzatzen diren politikariak arretaz entzutea beti da zirraragarria; izan ere, erretorika politikoaz baliatuz, funtsean murrizketak baino ezkutatzen dituzten aurrekontuak ere benetako inbertsioetara eraldatzea lortzen dute. Horrela bada, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuburuak aurkeztutako zenbakiei angelu guztietatik begiratu, hauek kontsumo pribatuaren handiagotze eta sektore publikoaren txikiagotze baten adierazle zuzen direla ondorioztatuko dugu.

Bestalde, zergak saihesteko langile autonomo batek, esaterako, egindako lanak diru beltzean kobratzearen jokabidea zikintzat ikusita dago politikarien artean. Enpresa haundien «lehiakortasuna» indartzeko asmoz zerga ordainketa eskuzabalagoak ahalbidetzen dituzten erabakiak, ordea, garapenarekin eta lanpostu berriak sortzeko aukerekin erlazionatzen dituzte.

Zergak ez dira enpresa eta herritarrentzat arazo bat, enpresa erraldoi edota jabegoan ondare handiak dituzten herritarren zerga-ordainketen saihestea bai, ordea; izan ere, enpresen eta herritarren arteko norgehiagoka zein harremanak distortsionatzen dira egoera horretan.

Zerga iruzurraren aurkako borroka indartuko duten neurriak ongi etorriak dira, ezbairik gabe. Dena den, ez diezaiegun ziria sartzen utzi, politikan aritzeaz aspertu diren pertsona horien bizitzei jarraipen bat egitea nahikoa baita, Ibex-35 bezalako klanaren parte diren enpresek, politikari garaiko urteetan ongizate estatuari une oro eraso izan dioten sikario horien lanak nola saritzen dituzten aditzeko.

Search