Sergio Iribarren Galbete

Tuteratik Donapaleura: 500 urteren ondoren, Nafarroa Bizirik!

Datozen egunotan, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenetik, Nafarroako Erriberetan 1512an gertatutakoa gogora ekarriko dugu. Tuterak erakutsi zuen adorea eta Donapaleun elkartu zen liberazio armada ahazturaren putzu beltzatik aterako dugu.

Zuen baimenarekin, iraganari begira jarriko naiz momentu batez: Nafarroako Pedro marexala ikusi dut Ibañetagainean Carlomagnoren gizonei aurre egiten; Joana Beterrea, Nafarroako kongresista, Madrilgo Kongresutik bueltan Castejoneko geltokian ongi etorria jasotzen ikusi dut, Nafarroako banderak eta ikurrinen artean, gure foruen aldeko ohiuak airean; Xabier Mina, Burgin atxilotua, Simancaseko espetxean, bere fideltasuna saldu gabe erahila; Dolores Ibarruri ‘La Pasionaria’ eta Zugarramurdiko beste zenbait emakume sutan erreak ikusi ditut Pierres de Lancre inkisidorearen agindupean; Arturo Campion Aitzorrotzeko gazteluaren defentsan; Jaime Ignacio del Burgo Albako Dukearekin batera ikusi dut ere, Iruñeko Takonera Parkean gaua pasatzen; Concha general liberalistak eta Cisneros Cardenalak Nafarroako Erresumaren gazteluak suntsitzearen agindua zabaldu zuten eta etsipenaren hazia landatu zuten gure Herriaren lur zabalean; Zumalakarregik eta beste 5000 lagunek bizitza eman zuten Getzen Nafarroako burujabetzaren alde; Foixeko Katalinak bere azken hatsa eman zuen Saturrarango espetxe frankistan; Beaumonteko Luisek espainolekin hitzartu zuen Nafarroako ‘Transizio demokratikoa’, dena lotua eta ongi lotua uzteko, eta gure arnarriaren kateak erabili zituen Nafarroaren lepoa Madrilekiko eta Parisekiko lotura gogorrago estutzeko, arnasa kendu nahian; Amaiurko burdinezko gerriak gogor eutsi zuen abertzaleek eta gorriek defendaturik;…

Beraz, animo eta aurrera. Irailaren 9an Tuteran ikusiko dugu elkar eta urriaren 14an Donapaleun. Gure oroimenaren bidetik urrats politak emateke baititugu, gure Historiaren pasartetan aurkituko gara!

Search