Iñaki Zaratiegi | Txeloren lagunen izenean

Txelo, bizitza tragoka

Miguel Angel etxean eta Txelo kalean. Txikitan aldatu zuen izena Miguel Angel Larretxea Goñi gure lagunak. Angelo Conterno txirrindulari italiarrak Vuelta a España irabazi zuenean, Miguel Angelek, txapetan jolasten, Angelo gora eta Angelo behera, izena hartu zion.

Gure artean ere Maldaburu, Malda, deitzen genion, bere familia ezagutzen den izenarekin. Gaztetatik musika zalea, txistulari ona eta kantari trebea, makina bat jai eta parranda alaitu zituen. Hemendik, kultura arlotik, hasi zen mugimendu antifrankistan militatzen.

Gero ETAn sartu zen eta, bere bidetik atera gabe, LKIn jarraitu zuen. Urte utopikoak, ilusioz beteak, iraultza bertan, eskutan geneukala, pentsatzen genuen. Trantsizio garaian, konpromisoarekin jarraituz, jatorrizko mugimendura bueltatu zen. Kultura eta musika mundura. Alde berean, magisteritzan aritu zen, euskerazko klaseak ematen.

Beste lagun militante batzuekin batera, Txalupa Kultur Eragintza sustapenerako elkartea sortu zuen. Eta ontzi hartan bidaiatu zuten elkarrekin militantzia politikoak, kezka kulturalak eta parrandarako gogoak. Txalupak Alan Stivell aurkeztu zuen Euskal Herrian eta bretoiaren errepertorioa euskaratu zuen, Egin-ek argitaratuko zuen koaderno batean. Mitinak eta erreibindikazio ekitaldiak animatu zituen Bretaniako Gwendal edo Eskoziako Boys of The Lough-en doinu zeltiarrekin. Programatu zituen Imanol, Zeca Afonso, Labordeta, Moustaki, Beñat Achiary-ren Urria taldea, Vainica Doble, Labanda… eta antolatu zituen Mike Oldfield, Eric Burdon, Ramones eta abarren bisitak. Euskal rock erradikalean lagundu zuen Hertzainak taldearekin. Hainbat musika eta estetika motaren kaleidoskopioa.

Txelok anaia Kubako erbestean zeukan, eta hortik sortu ziren proposamen ludiko-kultural zenbait, Ateri Kultur Baita sustatzailearen bidez: “Habanara joan nintzen”, “Orain CHE bertan” eta Atlantikoaz gaindiko elkarlan oparoa garatu zen, Pablo Milanés, Silvio Rodríguez, Chucho Valdés eta Los Van-Van taldea eta beste sortzaile batzuekin. Dozenaka ekimenetan utzi zuen arrastoa: nuklearren kontrako makro-jaialdietatik hasi eta Egin itxi ondoren Gara-ren jaiotza ospatu zuen festaraino. 1981eko maiatzeko gau euritsu batean, aurreskua jo zien txistuarekin The Clash-eko punkiei, Anoetako Belodromoan.

Ederzale gisa definitu dugu Txelo bere eskelan. Ederzale izateaz gain, gozazalea ere bazen. Gozatu edertasunarekin, eta, batez ere, bizitzarekin, adiskidetasunarekin, errebeldiarekin… Hori salatzen zuten hain berezkoa zuen umorearen eta ironiaren zentzuak, bere betiko barre trufariak. Migel Anjelek tragoka edan zuen bizitzaren gozamenetik, adiskidetasunetik, militantzia politikotik, kultura-ekintzailetzatik.

Malda, Maldaburu, Txelo, betirarte lagun!

Search