Patxi Azparren

Txetx eta besteak aska!!!

Laurogei hamarkadaren hondarretan ezagutu nuen Txetx Etxeberri. Ikasketak zirela eta, Bilbora joan zen, eta bertan, KEM-MOC taldekoekin harremanetan jarri zen. Sasoi hartan gu ere, Donostialdean, koordinakunde antimilitarista horren Gipuzkoako tadeak sortzeari ekiten ari gintzaizkion.

Geroztik Txetxek harreman estua ukan du beti desobedientzia zibila eta indarkeria-eza aktiboarekin. Lapurdira itzuli orduko, MAIA, Ipar Euskal Herriko talde antimilitarista eta intsumituaren talde sortzailean aritu zen. Txetx gabe nekez uler daiteke mugaren bi aldeetara hedatu zen euskal mugimendu antimilitarista. Euskaltzale amorratua delarik, beti bi isurialdeetan aritu ohi diren talde ekologista, euskaltzale eta antimilitaristen koordinazioaren aldekoa izan baita.

DEMO mugimenduaren sorreran ere Txetx izan zen dinamikoenetarikoa. Demoen aldarrikapenak hauek ziren: Euskal demokrazia; euskararen ofizialtasuna eta euskal presoak euskalherriratzea.

Hamaika aldiz topo egin dugu, hamaika ekimenetan, konpromisoa da-eta Txetxen jarduna gidatu duen xedea. Burujabetzaren aldeko desobedientzian ere bidaide izan genuen Txetx garazitarra.

Azkeneko urteetan BIZI mugimenduan buru-belari ibili da. Nekaezina eta eredugarria. Ostiralean atxilotu zuten, eta Hegoaldean 18/98 sumarioarekin egin zuten lez, gezurra erabiliz. Parisa eraman nahi dute atxilotutako beste lau lagunekin. Salaketa faltsua, salbespenezko legealdia arrotza, bidegabekeria, horiek dira Estatuen tresnak. Estatuen jokabidea errepikatzen da mugaren bi aldeetan eta bietan bakegintza zapuztea dute helburu.

Eskua ez ezik, burua ere jarriko nuke Txetx eta besteen alde sutan. Euren ibildea lekuko, ziur gaude denok, egiten ari ziren ekarpena Euskal Herriaren alde egiten ari zirela, bakearen alde eta askatasunaren alde, euren bizitza osoaren zehar egin duten bidetik.

Txetx Euskal Herriaren desmilitarizazioa aldarrikatu du beti, konpromisoa azken muturreraino eramateko prest dagoelarik. Oraingoan, berriz ere, bakearen aurkako eragileek atxilotu dute. Baina lekukoa ez da lurrera eroriko, herritar andana prest baikaude eskutan hartzera eta aurrera egitera, bakearen bidetik askatasuna datorrelako eta desmilitarizazio osoa beharrezkoa dugulako

Search