Isabel Irigibel

Udalei eskutitza

Jada nafar guztiok ezagutzen dugu 0-3 Plataformak Nafarroako haur eskolen duintasunaren alde aurrera eramandako urteetako borroka.

2022 urtea gogorra, intentsoa, astuna, nekagarria eta batzuetan etsipenez jositakoa izan zen 0 eta 3 urte bitarteko umeen eskubideak defendatzen dituen emakume langileon kolektiboarentzat, baina aldi berean, itxaropentsua, aberasgarria, alaia, eta zergatik ez, garaipenez jantzia. Kolektibo bezala antolatu ostean eta elkarrekin borroka aurrera eramanez, politikariek bere lana egin zezaten lortu baikenuen, eta nahiz eta nahikoa ez izan, 2023rako lan baldintzen hobekuntza nabarmenak bermatuak gelditu ziren.

Horrela, Hezkuntza Departamentuak bere ardura hartu zuen, eta abenduaren 22ko aurrekontuak onartu aurretik, departamentuak beregain osotara hartuko zituen aurrekontuen handitzea helarazi zien udalei. Bertan, soldaten igoera bermatua gelditzen zen eta laguntza figura berriak kontratatzeko aukera ematen zen. Mezu honen bitartez, Departamentuak informazioa aurreratzen zien udalei, oso argi utziz, hobekuntza hauek ez zutela inongo kosturik izango udalentzat. Beraz, urtarriletik aurrera, eskola duinagoak izango genituen.

Urtarrilaren erdialdean, badira hobekuntzak ezarri dituzten udalak, badira baita, oraindik egoera aztertu ez dutenak, baina okerrena da, badirela egoera aztertu, eta hobekuntzak ez ezartzea erabaki duten udalak.

Hala da bai, ondo ulertu duzue, nahiz eta udalarentzat kosturik ez izan, batzuk bere herriko 0-3 komunitateak hobekuntzarik ez dituela izango erabaki dute. Uko egin diote soldata igoerari, eta ez hori bakarrik, ez zaie inporta ezta, 0 eta 3 urte bitarteko haien herrietako biztanleen egoera, eskubideak ukatuko baitizkiete. Zer da hau? Eroturik al gaude?

Jaun eta andre, udaletako politikari, alkate zein alkatesa, zinegotzi eta interbentore; jakin ezazue, Nafarroako hezitzaileon kolektiboak ez duela neurri zentzugabe, bidegabe, iraingarri eta arduragaberik onartuko. Emakume langileon kolektiboak ez du etsiko, haren eskuetan dauden beharrezko neurri guztiak hartuko ditu, herriz herri, atez ate, udalez udal, alkatez alkate, plenoz pleno, alderdiz alderdi, prentsaurrekoz prentsaurreko, kontzentrazioz kontzentrazio, ez digu axola. Badugu indarra honetarako eta askoz gehiagorako, izan ere, jada hasiak gara antolatzen.

Zuen harrokeria ez da zilegizkoa, ezin diguzue guk orain arte lortutakoa lapurtu.

Haur eskolen duintasunaren alde.

Search