Juan Luis Mugertza Unanue

Ume-galderak

Ama eta umea, azken hau asper-asper eginda, egongelako besaulkian daude eserita telebistari begira. Halako batean, umeak amari: Ama, gizon hori gaixorik dago? Zergatik esaten duzu? Aurpegia oso triste duelako. Ez, ez dago gaixorik. Bera izatez horrelakoa da. Baina, beti-beti, ala orain etxean irten gabe gaudelako? Ez nuke jakingo. Hala ere, oraingo egoera honek mesede handirik ez dio egingo. Baina, zergatik? Azken bolada honetan bere hitzek oihartzun txikia dutelako, eta bidalitako gutunari inor gutxik kasu egiten diolako. Ez du lagunik, ala? Ez du izango, bada! Gizon hori Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria da. Eta lehendakari izateko, asko ikasi behar? Ikasi baino, enpresarioekin ondo konpondu, gertukoei mesedeak egin zurekin pozik egon daitezen, jendeari gauza asko kontatu. Baina, zer? Ipuinik, edo…? Kontatu baino, sinestarazi hauteskundeak irabazten badituzu, hobeto biziko zarela, hau-hori-hura egingo dituzula. Bai, baina, ez duzu esan inor gutxik kasu egiten diola, eta txakurra garitan bezala dagoela? Zenbat galdera egiten duzun! Aldatu katea, eta ipini zer edo zer alaiago.

Search