Amaia Agirre Miguélez | EHUko irakaslea

Umefobia, guraso(ama)fobia eta konfinamendua

Sharon Hays soziologo feministak amatasunaren kontraesan kulturalen inguruko liburuaren sarreran zioenez, jendez beteriko auditorio baten aurrean «amatasuna» hitza esango balu polemika sortuko litzateke; izan ere, haren ustez termino horri ez zaio ezer gehiago gehitu behar zalaparta sortzeko. Ez du axola zer gehitzen diozun kontzeptu horri, iskanbila egongo da, eta horretaz asko daki feminismoak, amatasunaren inguruan egin dituen kontzeptualizazio, bira, planteamendu kontrajarri, eztabaida eta hausturak ere horren adierazle izan baitira.

Badirudi antzeko fenomenoak sortzen (anplifikatzen?) ari direla azkenaldian (interneten sortzen diren eztabaiden txikitasunaren perspektiba galdu gabe, baina internetek aste hauetan hartu duen gain-dimentsioa bistatik galdu gabe ere). Egungo hitz polemikoak «txakurrak» «umeak» edo «gurasoak» izango lirateke, beste askoren artean, eskubideen lehiaketa antzu batean sarturik.

Hays-ek esaten zuen bezala, eta beste feminista askok ikertu bezala, amatasuna (eta gaur egun, kasu gutxi batzuetan, gurasotasuna) gutxietsia izan da beti, zer egiten duzun axola gabe: bost urtera arte titia eman, esnea mozteko pilula erditze-gelan eskatu, txupetea ematen badiozu, zurekin lo egiten uzten baduzu, erditu eta zure enplegura hamabost egunen ostean bueltatzen bazara, hiru urteko eszedentzia hartzen baduzu, umerik ez izatea erabakitzen baduzu... Kontua da, berriz ere, historikoki emakumeek egin duten lana eta hartu dituzten erabakiak gutxiesteko modu bat dela; eta umefobia delako hori logika honen barnean egongo litzateke, ez bakarrik zaintzaren parte inportante bat jomugan jartzen delako, baizik eta, askotan, emakumeek ama bilakatzeko jasotzen duten presiotik sortzen direlako horrelako iritzi/erreakzioak. Berriz ere, emakumeenganako presioa, norabide desberdinetan baina zentzu berdinean. «Ama txarraren» eta etxekoandre abnegatu estereotipatuaren iruditegiak logika dikotomiko berdinaren isla dira: emakumeen gutxiespenaren zutabeetako bat. Emakumeen bizipenak, esperientziak eta praktikak, zorionez, horiek baino askoz aberatsagoak izan ohi dira.

Feminismoak oso modu egokian aspaldi jarri zuen zaintza eztabaidaren erdigunean; eta inoiz baino gehiago argi geratu da oraingo honetan zaintzari bere dimentsio guztietan aitortu behar zaiola dagokion lekua gizartean, eta ausartuko nintzateke esatera «umeen kontrako» adierazpen horiek mesede gutxi egiten diotela feminismoak egindako bide luze horri. Ez dugu bistatik galdu behar umeak ez direla gurasoenak, gizarteko parte garrantzitsu bat baizik. Eta horrela tratatuak izateko eskubidea daukate.

Search