Uriarte Anderea, Mugerza Jauna eta orokorrean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila
Gabon,
Nire izena Iratxe da, eta hezkuntzako funtzionarioa naiz, LHko andereño bat, besterik ez.
Gutun honen bidez nire haserrea eta amorrua jakinarazi nahi dizuet.
Tristea da oso, irakurtzea eta entzutea, beste hainbat gauzen artean, EHko hezkuntza sistema kalitatezkoa dela, gaurko “Deia”n agertu den bezala.
- Nola demontre izan leike hori, azkenengo 5 urtetik hona hezkuntza sistema honek jasan duen gauza bakarra, milaka murrizketa eta ezetzak izan direnean?
- Non dago hezkuntza kalitatea ordezkapenak 5. egunetik ordezkatzen direnean? Azkenengo berrien arabera txarragoa izango da: 10. egunetik!!!
- Non dago hezkuntza kalitatea, gure karga lektiboa handitzen bada?
- Non dago hezkuntza kalitatea, lan egiteko zerrenda batean sartzeko aukera, bakarrik OPE bat gainditzeak ematen dizunean?
- Non dago hezkuntza kalitatea, behar bereziak dituzten ikasleentzako «errekurtso» bat lortzeko, milaka txosten, froga egin ostean, eta arazoa aurrean eukinda, «ezetza» jasotzen denean?
- Non dago hezkuntza kalitatea ordezkoak 5. egunean heltzean bidaltzen ez direnean «zerrendak agortuta edo perfil gabeko jendea» besterik ez dagoenean esaten duzuenean?
- Non dago hezkuntza kalitatea, ikasleek 5 egunetan, edo gehiago, eskolan dauden irakasle guztiekin baldin badaude, erreferentziko tutorea ez daukatelako?
Grabeagoa ondiño:
- Non dago ordezkoa norberaren eginkizunetarako baimena eskatzen denean, «kobratu barik!» hemen ere eskolan gaudenok bete behar dugu ala eta egun horietako dirua ere guztion artean banatu?
- Edo «ebakuntza» programatu bat dagoenean ere, hori be ezin da lehenengo egunetik ordezkatu?
- Heziberri… Lomce? Edo ze demontre? Herri bateko hezkuntza curriculuma eta sistema ez litzateke sortu beharko herri horretako hezkuntza komunitatearen partaidetzarekin? Galdeketa potroso bat ere ez zaigu egin horren inguruan!
Eta abar, eta abar, eta abar… Horrela idazten orduak eta orduak egongo nintzateke, hezkuntza sistemarekin egiten ari zaretena lotsagarria iruditzen zaidalako.
Lotsagarria da oso, benetan eta «amorrua» da hitza.
Alde positibo bakarra ere badago, familiak eta irakasleria, aspaldiko partez batera joatea eta borrokatzea lortzen ari zarete eta jadanik hasi da. 3. mailako «ebaluazio diagnostiko» ari ezetz esaten, Lomceri ere ezetza adierazten… Eskoletan eta herrietan mugimendua badago, mila esker!
Alde batetik edo bestetik asunto potolo honek estanda egingo du, ziur nago.
Hezkuntzaren zimenduak, alegia irakasleria, bai nagusiak eta bai gazteak mugitzen hasi dira, jendea oso kezkatuta eta haserre dago, eta «lokartuta» egon diren sindikatuak, berriro indarra hartzen ari dira, zorionez eta pozten naiz.
Gure lana hezkuntza sistema propioa eta benetan kalitatezkoa sortzea eta lortzea da, eta zuena gurekin bat egitea da, eta ez gure hezkuntza hondoratzen ustea.
Besterik gabe, sikeran, honen guztiaren inguruko erreflexioa egitea espero dut.
Adeitasunez
Portugaleten, 2016ko ekainaren 16a