Urkulluren denboraldia
Sailkapenari erreparatuta, ezin esan orain arteko emaitzak oso onak direnik. Etxean jokatutako partida asko (ostalaritza, Osakidetza, pentsiodunak, grebak…) galdu egin ditu, eta joko oso txarra (ertzaintza) erakutsi du; eta kanpoan jokatutakoetan, 2020ko ekainaren 19an Cobaronen Miguel Angel Revilla Alderdi Erregionalista alderdiko espainiar politikarirekin lortutako itxurazko garaipenak kenduta, ezer gutxi egin du. Halarik ere, ez du ematen inolako asmorik dagoela kargutik kentzeko. Zale sutsuek konfiantza handia dute errotutako joko sisteman, eta oraindik ez dute inolako itxaropenik galdu, zer edo zer handia, egingo dutelakoan. Goi mailako alderdikideen ustez, Athleticek Espainiako Errege Kopako finalean jokatzeko aukera izateak, sekulako dirdira emango lioke egindako kanpaina itxuratzeko. Eta zer esanik ez, irabazteak.