Amets Aranguren eta Aitor Agirrezabal, Hatortxu Rockeko antolakuntzako kideak

Zatoz, badatoz

Gero eta gutxiago dira auto eta furgonetetan egin beharreko kilometroak. Gero eta gutxiago, espetxe politikak zigortzen dituen senide eta lagunak. Baina, oraindik, izan badira.

Inoiz baino gutxiago falta den honetan, inoiz baino gehiago behar zaituztegu. Denak behar zaituztegu, denak etxeratzeko. Denak behar zaituztegu gehiegi luzatu den eskubide urraketa sistematiko bati amaiera jartzeko.

Esan dugu konponbidearen noranzkoan urratsak egin  direla. Baina aurrerapauso horiek  guztiak denborak inertziaz ekarri dituela ematen badu ere, deus ez zatekeen posible izanen sakabanaketaren kontrako urte luzeetako lanagatik ez balitz. Mirentxin eta bere furgonetak, Etxerat, Herrira, Sare, ehunka herri ekimen... eta baita Hatortxu Rock ere. Eta, noski, atzerapausorik ezin da onartu.

Maitasunak gidatutako borroka honetan, festa girotik harago doan jaialdia antolatzen dugu urtero Atarrabian, elkartasun jaialdia. Eta kantu, sarrera, bokata, kamiseta eta pote bakoitzaren atzean daude musikari, sukaldari, zerbitzari, teknikari eta elektrizistak. Boluntarioak. Eta horiek bezain inportanteak zarete zuek, aurten, abenduaren 17an, Atarrabia eta Burlata arteko gunea beteko duzuen milaka herritarrak. Bide horren ezinbesteko pauso zarete.

23 urte daramatzagu «azkena izan dadila» errepikatzen. Mantra bat bihurtzeraino. Agian, bere esanahia husteraino. Baina sinetsita gaude une hori gertu dagoela. Gertu ez da helmuga, ordea. «Gertu»-k urrutiegi izaten jarraitzen du senide bakar batek errepidera atera behar duen bakoitzean. Eta gertu, prest, egon beharra daukagu azken pauso hori emateko. Hala, Atarrabiatik helaraziko dugun mezuak argia izan beharra dauka. Prest gaude eta unea da behin betiko dispertsioarekin amaitzeko.

Zatoz, zure ondoko hutsunean daude.

Zatoz gailurrerantz, pauso bat gehiago.

Zatoz, horma zahar hori erortzear dago.

Search