Ainara Artetxe Azkueta eta Ainhoa Diaz Piñar I LAB Irakaskuntza

Zer daramazu sotana azpian?

Azken egunotan hainbat komunikabide eta sare sozialetan harriduraz eta haserrez bolo boloka ari den gaia erlijio ikasgaiko  kurrikulum berria da. Noski erlijiotaz ari direnean erlijio katolikoaz ari dira, “akofensionala” den Estatu Espainarraren erlijioaz alegia.
 
Kurrikulumeko nondik norakoak ez ditugu behatu, esaldi solteak ordea bai, zertarako irakurri ezer, baldin eta gure iritziz erlijio guztiak eremu pribatu/pertsonalaren parte direla uste badugu? Ikastetxeetan ez lukete lekurik izan behar erlijioek.

Ikastetxeetan ez lukete lekurik izan behar, eta erlijiora ez doazen ikasleek badute ordezko ikasgai bat, Lomcerekin adoktrinatzailea izaten jarraituko duena. Baina Nafarroako zenbait ikastetxetan (administraziopeko ikastetxeak barne) egun oraindik badago ohitura bat, ikasturtero apezpikuak bisita egiten die eskola orduetan. Bisita horretan erlijioko ikasle izan edo ez izan apezpikuari ongi etorria egiten zaio eta honek bere sermoia botatzen die. Lankide batek behin kontatu zidan, administraziopeko ikastetxe batean, lehen hezkuntzako neska batek apezpikuari zera galdetu ziola: “Zer damazu sotana azpian?” eta apezpikuak mespretxu aurpegia jarriz zera erantzun zion, “Hara, emakumea izan behar zinen!”.  Auskalo neska horrek zergatik egin zion galdera, beharbada, gizonezko batek  jantzia  eramateak sortutako  harriduragatik edo beharbada apeizpikua     generoen deseraikuntzaren ordezkari bezaka ikusi zuelako... Ez, seguruenik ez zitzaiola halakorik pasako, auskalo bere arrazoiak zeintzuk ziren, zilegizkoak, baina seguru gaude apezpikuaren erantzunak erresonantzia egingo ziola. Emakumeen kontrako bortizkeriaren beste adiera argi bat. Hori bai, apezpikuak eta bere sekitoak harreraren truke errosario bana ematen die ikasleei, bere bisitaren orogarria izan dezaten. Zer imajinatzen duzue egin zuela neska hark errosarioarekin? Irudikatu ezazue, izan zaitezte aske!

Jakin badakigu erlijio katolikoa jendarte heteropatriarkalaren zutabeetako bat dela eta horregatik eskolatik kanpo nahi dugu. Horregatik eta beste mila arrazoeingatik, baina kanpo.

Search