Jose Luis del Val, Gotzone Erezuma, Bidane Erezuma, Jon del Hoyo, Abodi del Val, Getari del Val, Gerardo del Hoyo, Florencio Erezuma, Errose Erezuma

Zer ez luke izan behar unibertsitateak

EHUko ikasle ginenean, Euskal Unibertsitatea xedea duen Irakasleria Propioaren aldarriaren alde egiteagatik jasandako errepresioa ikusi ahal izan genuen bertatik bertara: gure irakasleak lurrean jipoituak, egunetako gose grebatan eskolak ematen, kaleratze bortitzak. Basauriko kartzelan sartzeraino heldu zen sasoi hartako agintarien gorrotoa eta polizia jaun ta jabe ibiltzen zen campusetik.

Aurton 33 urte bete ditu borroka prozesu luze honek eta gure semealabek, egun unibertsitateko ikasle, goizero goizero Leioako Campuseko ate nagusitik pasatzen direnean 33 urte Justiziaren zain jartzen duen pankartarekin ikusten dituzte gure irakasle izandakoak, Antton Azkargorta eta Jose Luis Herrero.

Irakasle despedituen gatazka honek 33 urte luze trabatuta darama. Orainarteko errektore taldeek, Goiriena, Salaburu, Montero, Pérez Iglesias, Goirizelaia, Balluerka eta Ferreira buru, kale egin dute, ez dute gainditu Irakasle kaleratuen gatazkari irtenbide bat bilatzeko ikasgaia.

Orain berriz, EHUra haize berriak omen dakartzaten Joxe Ramon Bengoetxea errektore jaunak eta talde osoak bere esku dute afera honi bidezko irtenbidea emateko aukera.

Euskal Unibertsitatearen aldeko pausu kualitatiboa litzateke Irakasle kaleratuen aferari irtenbide duin eta justua aurkitzea; harremanetan jarriz, hitzeginez, negoziatuz eta aintzatetsiz.

Search