Zezena
Semeak bere gelan zuen poster bakarra Picassoren Gernika margo lana zela eta, posterra bekoz nuela galdetu nion semeari berak 20 urte inguru zituelarik: «Ondo begiratu al duk hori?».
«Arretaz bai, eta zuk ondo begiratua al duzu?», erantzun zidan.
«Ondo ez zekiat, baina sarri bai. Zerk harritu hau gehien?».
«Zezenaren begiak».
«Zer ditek ba, zezenaren begiek?».
«Bat zabal-zabalik eta pozik dago, bestea apal eta triste. Baina esanahiari ez diot arrastorik aurkitzen».
«Zezen beltza Espainiaren ikurra duk. Picassok lan hori egin zuen garaian, bi Espainia zeudela esaten hukeen, Espainia garailea eta Espainia belztua. Hik nire hitzak behar izan dituk ulertze modu zerbait eskuratzeko. Nik hire begien beharra izan diat Picassoren Gernikaz hobeto jabetzeko».
Lerro hauek iraganeko kontu triste bat baizik ez ziren izango ez balitz gaur oraindik espainiar patriotek bi ikusten jarraitzen dutela, garaileen eta garaituen Espainia. Hala diote ozen, modu eta bide guztiak erabili, areago…
Estatu espainiarreko hala moduzko demokrazia honek diraueino, zezen beltzak ez ditu ez begiak pozez beterik zabalduko. Madrilgo agintariek euskaldunon herri izaera ukatzeaz gain, txakurki zigortzen uzten diotenean, orduan, auzo herri lez harremanak lantzen izango da gure egitekoa.