Ama lurraren eguna, aldarrikapenetik harago
Gaur ospatuko da Ama Lurraren Eguna munduko bazter guztietan. Ohikoa den moduan, maila guztietako instituzioek ekitaldiak antolatuko dituzte, aurtengo izarra New Yorkeko ekitaldia izango den arren. Bertan munduko buruzagiek abenduan Parisen lortutako klimari buruzko akordioa sinatuko dute. Ordezkari politikoek akordio hori garaipen historikotzat jo baldin badute ere, kritika zorrotzak jaso ditu eragile sozialen aldetik. Beraien ustez, anbizio politikoa falta zaio eta adabakiekin ez da berotze globala geldituko. Kritika horiek mahai gainean jartzen dute klima aldaketa ez dela ingurumen arazo soila, arazo sozial eta politikoa ere badela. Berotzeari aurre egiteko, beraz, arreta printzipioarekin batera ekitateaz eta justiziaz hitz egin behar da. Gaur egungo egoera mendeetako garapenaren ondorio da. Eta bilakaera horretan estatuek sortutako kalteak, ardura historikoak eta gaur egungo ardurak oso ezberdinak dira. Klima aldaketaren eremua ere aberatsen eta pobreen arteko borroka esparrua da.
Euskal Herrian, asko aurreratu bada ere, ama lurraren aurkako erasoak nabariak dira oraindik. Espekulazioan oinarritutako urbanismoa, azpiegituren eraikuntza, frackinga sustatzeko saialdiak eta erraustegiaren proiektu berria geldiaraztea eta Garoñako zentral nuklearra ixtea dira egun euskal gizarteak dituen erronka nagusiak, ama lurrarekiko harremanak beste oinarri batzuen gainean eraikitzeko. Horiei heltzeko, gure sistema ekonomikoa eta bizimodua zalantzan jartzea ezinbestekoa da. Eztabaida zaila bezain beharrezkoa, etorkizun burujabea eraikitzeko.
Ama lurra gure jarduerarako zorua dela pentsatzen jarraitzen dugu, bertan dagoela guk esplotatzeko eta gozatzeko. Egoera justu kontrakoa da: gizartea ama lurraren partea da. Horren kontzientzia zabaltzen ez den bitartean aldarrikapenez beteriko ama lurraren egunak ospatuko ditugu, baina gero eta oinarri ahulagoak izango ditu gure zibilizazioaren etorkizunak.