Arazoa ez da elkartasuna, migrazio politikak baizik

Azken Korrikan hainbat migranteri Gipuzkoatik Lapurdira pasatzen laguntzea leporatuta auzipetu zituzten zazpi herritarrak  errugabetzat jo ditu Baionako auzitegiak, atzo jakinarazi zutenez. Auziaren berri ez zeukan norbait, esate baterako estralurtarra izan gabe ere gehiegizko aurreiritzirik ez duen herritar arrunt bat, ez du harrituko militante horiek errugabetu izanak, epaiketak berak baizik. 2024ko martxoaren 14an, herritar talde batek –herritar eredugarriak– 36 etorkini Irun eta Hendaia arteko zubia zeharkatzen lagundu zieten; haietako zazpiri «pertsonen trafikoko talde antolatua» izatea leporatu zieten eta Fiskaltzak isunak galdegin zituen haientzat. 
 
Ia bi urte igarota errugabetu dituzte, iragan urrian epaitu ondoren, zazpi pertsonok, beste pertsona batzuei laguntzeagatik; pobreziatik, gerratik, heriotzatik ihesi etorri ziren pertsonei, hain zuzen, beren bide neketsu eta luzeko tarte batean arnasa emateagatik. Epaileak bere ebazpenaren berri eman zuelarik, azpimarratu zuen erabaki juridikoa zela. Argia da etorkin batzuei edo nornahiri Hendaiaraino laguntzeak ez duela pertsonen trafikoarekin zerikusirik; hala ere, auziak iraun duen bitartean auzipetuek garbi agertu nahi izan dute elkartasuna ez dela delitua, baita agerian utzi ere arazorik larriena ez dela etorkinei laguntza ematea, «migrazio politika arrazista eta hiltzaileak» baizik, eta hori esatea ez da aferaren larritasuna puztea; izan ere, Bidasoan gutxienez bederatzi lagunek galdu dute bizia. 

Prokuradorearen eta legegileen argudioek elkartasuna ez ezik laguntza humanitarioa ere kriminalizatzen duten politikak zuritzea dute betekizun, eta oraingoan ez dute lortu, beharrik. Beste aldean, ulertzekoa da auzipetuen poza, badakitelako beren aldeko kanpainak eta mobilizazio jendetsuek eragina izan dutela; horregatik nabarmendu zuten «denek eskubide berdinak izateko» lanean jarraitu beharra dagoela. Arrazoi dute, elkartasuna ez da delitua. Izan ere, itxura, larruazalaren kolorea edozein izanik, pobre izatea eta bizimodu duin baten bila abiatzea ere ez da delitua, Mendebaldeko agintariak kontrakoa erakusteko hisiaturik badira ere.

Search