Ariketa demokratikoak aro berria ireki du Txilen

Txiletarrek igandean Pinocheten Konstituzioa aldatzearen alde bozkatu zuten. Era berean, konstituzio berria 155 pertsonak osatutako konbentzio konstituziogile batek idaztea erabaki zuten. Erabaki horrekin prozesua baldintzatzeko eskuinaren azken maniobra galarazi zuten herritarrek. Horrela, diktadurak ezarritako Konstituzioari amaiera emango zaio. Egia da oinarrizko legeak alderdi autoritarioenak galduta zituela, baina egungo eredu neoliberalaren erreforma eragozten zuen eta hori izan da egonezinaren iturburua. Edozein kasutan, prozesu konstituziogilearen zatirik garrantzitsuena orain hasten da eta bi urtez luzatuko da. Epe luze hori ikusirik, herritar asko beldur dira premiazko erreformak atzeratzeko eta edukiz husteko erabiliko dela. Horregatik eskatzen dute osasunaren, pentsioen eta hezkuntzaren arloetan erreformekin berehala hasteko.

Diktadurak ezarritako Konstituzioak sortutako kaiola apurtzeko urtebete daramate Txileko herritarrek mobilizazio erraldoiak egiten. Borroka luzea eta gogorra izan da. Manifestazio jendetsuen aurrean Gobernuaren erantzuna bortitza izan da, baina, azkenean, amore eman behar izan du eta oinarrizko legearen aldaketari bide eman. Beraz, ez da eliteen borondatezko erabakia izan; herri mobilizazioaren indarrak behartu du erabakia. Herritarrek, hitz hutsez nazkatuta eta ezberdintasun sozial handiez nekatuta, Chicago boys-ek diseinatutako proiektu neoliberalaren azken aztarnak bertan behera bota dituzte. Herritarrek borrokaren bidez gizarte justuagoa eraikitzeko aukera ireki dute.

Mundu osoan zehar txalotu dituzte Txileko bozketa eta emaitza. «Demokraziaren garaipena» izan dela adierazi du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Pozgarria da ikustea Sanchezek eskubideak eta askatasuna lortzeko Txilen egindako ariketa demokratikoa babesten duela. Orain falta da Katalunian, Euskal Herrian edo Estatu espainoleko beste edozein tokitan ere horrelako ariketa demokratikoak babestea eta bideratzea.

Search